Naiz

Augustin Zubikarai XX. Sarira eleberri proiektuak aurkezteko epea ireki dute

Irailaren 30era arte jasoko dituzte eleberri proiektuak helbide elektronikoz. Ondarroako Udalak eta Elkar Argitaletxeak sustatutako sariari esker, irabazleak 6.000 euroko laguntza jasoko du, baita eleberria argitaratzeko bidea ere.

Eneko Barberenak irabazi zuen 2018ko saria, eta 2019ko amaieran argitaratu zuen bere liburua. (Maialen ANDRES/FOKU)
Eneko Barberenak irabazi zuen 2018ko saria, eta 2019ko amaieran argitaratu zuen bere liburua. (Maialen ANDRES/FOKU)

Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak Augustin Zubikarai Sariaren 20. edizioa antolatu dute, euskal kultura aberasteko eta idazleen lana bultzatzeko asmoz. Saria nobelak sortzeko beka gisa funtzionatzen du. Eleberri proiektuak aurkezteko epea zabalik dago irailaren 30era arte.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, deialdira aurkez daitezken proiektuak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak dira. Beka aurretik irabazi duen idazleak ezingo du berriz parte hartu.

Parte hartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu behar ditu, mezu elektronikoz (mrey@ondarroa.eus) atxikitako dokumentuetan: landu nahi duen kontakizunaren azalpena, 2.000 eta 6.000 karaktere bitartekoa; idazlanaren lagina, 15.000 eta 40.000 karaktere bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena; egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua.

Epaimahaiak urriaren 31 baino lehen aukeratuko du irabazlea. Saria 6.000 euroko laguntza eta eleberria argitaratzea izango da.

Azken irabazlea Idoia Garzes izan zen, eta urte honetan zehar aurkeztu behar du bere lana. 2018ko irabazlea, berriz, Eneko Barberena izan zen, eta horren emaitza ‘Afrikanerrak’ eleberria izan zen.