NAIZ

Itxialdian talde kalteberei ur hornidura bermatu behar zaiela oroitu du Arartekoak

Covid-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko presazko neurri bereziei buruzko dekretuak jasotzen duenez, edateko uraren etxeko hornidura-zerbitzua funtsekoa da eta bermatua egon behar du. Beraz, ur hornitzaileek ezingo diete hornidura eten kalteberatzat jotako kontsumitzaileei.

Uraren hornidurak bermatua egon behar du itxialdian. (GETTY IMAGES)
Uraren hornidurak bermatua egon behar du itxialdian. (GETTY IMAGES)

Herritar batek Arartekoari azaldu dionez, itxialdi honetan etxean ur hornidura izateko arazoak ditu. Berriki babes publikoko etxebizitza bat esleitu diote, errentamendu erregimenean, eta etxe horretan hainbat egun eman ostean, ez du ur zerbitzua kontratatzerik izan, lehendik zorra zeukalako enpresa hornitzailearekin, beste etxebizitza bateko aurreko kontratu baten ondorioz.

Arartekoak oroitu du Covid-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko presazko neurri bereziei buruzko dekretuak (martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-Dekretuak) talde kalteberen estaldura zabaldu duela oinarrizko zerbitzu publikoen arloan. Arau horrek ezartzen duenez, edateko uraren etxeko hornidura zerbitzua funtsekoa da eta bermatua egon behar du, bereziki itxialdi egoeran.

Ur hornidura bermatzeko betebeharra dago, araua indarrean jarri eta hurrengo hilabetean. Beraz, ur hornitzaileek ezingo diete hornidura eten kalteberatzat jotako kontsumitzaileei.

Ura, argia eta gasa, ziurtatuak

Arartekoaren iritziz, ura, argindarra edo gasa bezalako oinarrizko zerbitzuen hornidurak bermatua egon beharko luke aldi honetan, baita etxez aldatu duten erabiltzaile berrientzat ere, nahiz eta haiek lehendik ordaindu gabeko zorrak eduki. Horrek guztiak ez du galarazten ordaintzeke dauden diru kopuruak ordaintzea; horretarako, administrazioak nahitaezko diru bilketarako tresnak dauzka, edo beste bide batzuk, esaterako, zorra zatikatu dadin onartzea edo gizarte zerbitzuen bidez ordainketa bermatzea, kaltetuak jaso litzakeen laguntzen bitartez.

Horrela, Arartekoak kexa helarazi dion herritarrari adierazi dio ur horniduraren erantzule den udalera joan behar duela, konexioa egin eta zorra atzera diezaioten eskatzera.

Eskaera horren ondoren, oraingo ohiz kanpoko itxialdi egoera kontuan hartuta, ur horniduraren erakunde erantzuleak alta eman dio herritarrari etxeko ur horniduraren zerbitzuan, eta zorra zatikatuta ordain dezan onartu du.

Baiezko erantzun hori ikusita, Arartekoak bukatu du bere jarduera, eta ura, gasa edo argindarra bezalako oinarrizko zerbitzu publikoen erakunde hornitzaileei gogorarazi die horien hornidura bermatu behar dietela talde kalteberei Covid-19aren krisiak eragindako itxialdiak dirauen bitartean.