NAIZ

«Konplikazioen aurrean», Kimuak 2020 deialdia atzeratu egingo da

«Egungo pandemiak eragindako konplikazioen eta ziurgabetasunaren aurrean» euskal film laburren sustapenerako Kimuak programaren aurtengo edizioa atzeratzea erabaki dute Jaurlaritzak, Etxeparek eta Filmategiak. Atzerapena «ahalik eta txikiena» izan dadin ari dira lanean.

Izibene Oñederrak parte hartu zuen iazko katalogoan, besteren artean. (NAIZ)
Izibene Oñederrak parte hartu zuen iazko katalogoan, besteren artean. (NAIZ)

Kimuak programaren aurtengo edizioa atzeratzeko erabakia hartu dute Jaurlaritzak, Etxepare euskal institutuak eta Euskaldiko Filmategiak. Programa sustengatzen duten erakundeek ohar bidez azaldu dutenez, «egungo pandemiak eragindako konplikazioen eta ziurgabetasunaren aurrean» euskal film laburren sustapena eta banaketa programa honen 2020ko aukeraketa prozesua atzeratzea hobetsi dute.

«Konfinamenduak eragindako egoerak deialdiaren irekiera atzeratzera behartzen gaitu», ziurtatu dute, eta atzerapen hori «ahalik eta txikiena» izan dadin lanean ari direla esan dute, «2020an ekoitzitako film laburren ibilbideari kalterik egin ez diezaion».

Erakundeetatik azaldu dute euskal ikus-entzunezkoen industriako hainbat eragilerekin «etengabe» harremanetan daudela eta datozen asteetan informazio zehatzagoa emango dutela ere aurreratu dute.

Kimuak programa 1998an sortu zen euskal iflm laburrak nazioartean sustatu eta banatzeko helburuarekin. Egitasmo honen bidez urtean ekoiztu diren lan guztiek har dezakete parte eta, edizio bakoitzean epaimahai abtek egindako aukeraketarekin katalogo bat argitaratzen da. Besteren artean, edizio ezberdinetan Raul de la Fuente, Jose Mari Goenaga, Aitor Arregi, Izibene Oñederra, Asier Altuna, Koldo Almandoz edo Telmo Esnal zinegileek hartu dute parte.