Naiz

Juan Gimenez marrazkilari argentinar ezaguna hil da koronabirusarekin

‘Estrella negra’, ‘Cuestión de tiempo’, ‘Basura’, ‘El cuarto poder’, ‘Ciudad’ eta ‘La casta de los Metabarones’ dira bere lanik garrantzitsuenak. Izan ere, azken sail hori zabaltzeko lanean ari zen Sitgesen gaixotasunarekin kutsatu zenean. Zainketa berezietan egun batzuk igaro ostean, 76 urterekin hil da komikigile ospetsua.

Juan Gimenez Donostian izan zen 2009an. (Jon URBE / FOKU)
Juan Gimenez Donostian izan zen 2009an. (Jon URBE / FOKU)

Juan Gimenez marrazkilari ospetsua hil da koronabirusaren ondorioz, 76 urterekin. Argentinarra Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean gonbidatua izan zen 2009an, eta bere lanekin erakusketa bat egin zuten.

Mundu mailan ezaguna izan zen istoriogilea eta hainbat sari jaso zituen, baita proiektu garrantzitsuetan parte hartu ere. Azkenaldian Katalunian igaro zuen denboraldi bat. Izan ere, uste da Europan kutsatu zela koronabirusarekin eta Argentinara gaixo itzuli zela.

Martxoaren 16an hasi zen sintomekin eta 22an Mendozako Ospitaleko zainketa berezietan sartu zen. Egun batzuk geroago hil egin da.

Gimenez haurra zela hasi zen marrazten, eskura zituen hainbat komiki kopiatzen. Heldutan bere estiloa aldatu zuen eta errealismora jo zuen. Horri esker sektoreko profesionalen arreta deitu zuen, eta laster nazioartera eman zuen saltoa.

‘Fierro’ aldizkariko lantaldeko kidea izan zen eta hainbat ilustrazio argitaratu zituen bertan. Estatu frantseseko ‘Metal Hurlant’ aldizkarian ere parte hartu zuen.

Bere lanik garrantzitsuen artean ‘Estrella negra’, ‘Cuestión de tiempo’, ‘Basura’, ‘El cuarto poder’, ‘Ciudad’ eta ‘La casta de los Metabarones’ daude. Guztiek badute zerbait komunean: fantasia eta zientzia-fikzioa, eta etorkizuneko mundu post-apokaliptikoetan kokatuta daudela.

1990an Yellow Kid saria eskuratu zuen –sektorean Oscar sarien parekoa da– atzerriko marrazkilaririk onenari, eta lau urte geroago Estatu frantseseko Bulle D'Or saria lortu zuen.

1970ko hamarkadatik aurrera Europan zehar ibili zen. Bere azken bizilekua Sitges izan zen, non Alejandro Jodorowsky gidoilari txiletarrarekin ari zen lanean ‘La casta de los Metabarones’ saila zabaltzeko asmoz.