NAIZ

Nafarroak erositako osasun materiala duen hegazkin bat atxikita dago Turkian

Joan den asteburuaz geroztik Ankaran geldirik dago hegazkina, Nafarroako Gobernuak Txinan erositako arnasgailuak dauzka barruan. «Arazoa konpontzekotan» omen dago, Javier Remirez bozeramailearen hitzetan. Maria Chivitek gutuna igorri dio Turkiako enbaxadoreari kexua adierazteko.

Maria Chivitek arnasgailuak barruan dituela, Ankaran atxikita dagoen hegazkinaren inguruan argibideak eman behar izan ditu. (Iñigo URIZ/FOKU)
Maria Chivitek arnasgailuak barruan dituela, Ankaran atxikita dagoen hegazkinaren inguruan argibideak eman behar izan ditu. (Iñigo URIZ/FOKU)

Nafarroako Gobernuak erosita, Txinatik osasun materialez datorren hegazkin bat aurrera egin ezinik dago. Horren harira Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak nabarmendu du «kudeaketa biziak» egiten ari direla Madrilgo Gobernuaren aldetik, Nafarroak erositako osasun material hori Ankaratik atera eta ahalik eta arinen behar duen helmugara iritsi dadin.

Maria Chivite lehendakari nafarrak ere Parlamentuko batzordean jakinarazi du Turkiak Nafarroako Gobernuak Txinan erositako arnasgailuak konfiskatu dituela, eta Ankaran hegazkin batean geldirik zeudela.

Protesta moduan, Chivite lehendakariak gutun bat bidali dio larunbatean Turkiak Madrilen duen enbaxadoreari protesta adieraziz. «Gailuak gureak dira eta ez ditugu galdutzat ematen», azaldu du Remirezek. Dena den, konponbidea Turkiaren eskuetan dagoela onartu du.

Kazetarien galderei erantzunez, Remirezek azaldu du hegazkin horrek Txinan izan duela jatorria, eta Ankaran (Turkia) geldialdi tekniko bat egin behar izan zuela Nafarroara bidean. Itxura denez, «Turkiako agintarien esku hartze baten ondorioz, joan den asteburuaz geroztik geldirik egon den», adierazi du Remirez eledunak.

Dena dela, presidenteordeak berak nabarmendu duenez, «kudeaketa biziak» egiten ari omen dira Espainiako Gobernuaren aldetik ere, eta espero du zailtasun horiek «lehenbailehen» konponduko direla.

Hala, Javier Remirezek azpimarratu duenez, «merkatu oso bizian gabiltza murgilduta azken hilabeteetan, eta praktika oso biziak egiten dira, zailtasunak sortzen dituztenak, baina konpontzeko zorian gaude».

Chivitek adierazi duenez, «krisi egoera hontatik gauza asko ikasi beharko ditugu»; tartean «Txinarekiko menpekotasuna birpentsatu egin beharko» omen dela.

Osasun publikoari indartzeari begira

Ordezkarien arteko eztabaida bizia izan da parlamentuko batzordean. Navarra Sumak, Maria Chivite presidenteak parlamentuko batzordean egindako hitzaldiaren ostean, Gobernu nafarrari «autokonplazentzia» leporatu dio Javier Esparza bere ordezkariaren bitartez, eta PSNk, berriz, Ramon Alzorrizen bitartez, koronabirusaren pandemian «ziurgabetasuna» sortzea leporatu dio Navarra Sumari.

«Koronavirusaren aurkako borrokan oinarrizko beharrak bermatu gabe jarraitzen dugu», esan du Esparzak, eta «lehen mailako arretan kexak etengabeak» direla gaineratu du, «ezin baitugu astez aste jarraitu hemen materialik iritsi gabe».

Alabaina, EH Bilduko eta Geroa Baiko osasun krisiaren osteko egunetara luzatu dute begirada. Hala, EH Bilduko Adolfo Araizen hitzetan, «horrelako egoerei aurre egiteko zerbitzu publikoak indartu eta defendatzeko beharra» dago. Horrez gain, «material faltak osasun-arloko eta ezgaitasunen bat duten profesional asko kezkatzen eta haserretzen ditu», eta «osasun arloko aginte bakarrak» ez duela «emaitzarik ematen» adierazi du Araizek.

Geroa Baiko Uxue Barkosek ere, antzeko ildotik ekin dio. «Kutsatzearen kurba bihurtzen hasi» dela azpimarratu ondoren «etorkizunean ere pentsatuz, osasun publikoa indartzeko» eskatu du.

Halaber, Nafarroako egoitzak arautzen dituen dekretua berrikustearen alde egin du, baita «ekonomiaren zirrikitua ahalik eta gehien mantentzearen alde ere, langabeziak gogor jo gaituelako».

Bestalde, Ainhoa Aznarez Podemos Ahal Dugu-ko legebiltzarkideak adierazi duenez, «Osasun krisi honek pertsona guztien osasuna babestea lehen mailako arreta indartzea eskatzen du», baita egoitzak eta ZIUak ere.

Hirugarren sektorearen hobekuntzan aurrera egitea eta gizarte erakundeetan edozein motatako murrizketak saihestea dira Podemoseko legebiltzarkideak defendatu dituen proposamenetako batzuk.

Marisa de Simon I-Eko bozeramaileak nabarmendu du bere taldeak gobernu ekintzekin «lerratzea» nahi duela; «akatsak» izan baditu ere, oro har «egokia» izaten ari omen delako.

Finantzaketari dagokionez, «Koronabirusari aurre egiteko eskura dauden baliabideak modu eraginkor eta efizientean erabiltzeko» eskatu du.

Chivitek Legebiltzarreko bozeramaileei erantzun die ez duela «harroputz azaldu nahi izan», eta aitortu du «gauza batzuk gaizki egin ditugula» eta ahulgune nagusiena «osasun materialarekin zerikusia duen guztia izan dela».

Madrilek onartu du Turkian geratuko dela

Bestalde, Espainiko Gobernuak onartu du Turkia Espainiak erositako arnasgailuekin geratuko dela.

Arancha Gonzalez Laya Atzerri ministroak jakinarazi duenez, Turkiako Gobernuak Espainiako administrazio publikoek erositako arnasgailu kargamentu batekin geratzea erabaki du, herrialde horretan sortzen ari diren koronabirus kasuak tratatzea «lehentasuna» dela uste baitu.

Alemanian ere, AEBen «pirateria modernoa»

Material hori lortzeko estatuen arteko «gerra» horrek AEB eta Alemania aurrez aurre jarri du ere.

Andreas Geissel Berlin estatuko Barne ministroak protesta egin du ostiral honetan, AEBk 200.000 maskara kirurgiko konfiskatu eta Alemaniako hiriburura bidali behar zituelako.

«Pirateria modernoko ekitaldia dela uste dugu. Hori ez da bazkide transatlantikoen arteko tratu egokia. Krisi globalaren garaian ere ez dira justifikatzen mendebaldeko filmen metodoak», adierazi du Geisselek.

Maskarak Bankoken atzeman zituzten, eta Berlingo poliziari zuzenduta zeuden.

Berlingo Udalak maskarak eskatu zizkion enpresa estatubatuar bati, eta aldez aurretik ordaindu zituen.

Geisselek AEBei nazioarteko arauak betetzea exijitzeko eskatu zuen Alemaniako Gobernuak.