naiz

Eitzagako bizilagunek diote auzoa «sakrifikatu» dutela eta informazio gardena eskatu dute

Joaquin Beltran eta Aberto Sololuze Zaldibarko zabortegian lurperatuta geratu zirenetik bi hilabete igarota, Eitzaga auzoko bizilagunek denbora honetan pairatu duten trafiko eragozpenak konpontzeko eta zabortegiaren gaineko planei buruzko «informazio etengabea eta eguneratua» emateko eskatu diete agintariei.

Zaldibarko zabortegian, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran aurkitzeko lanak. (IREKIA)
Zaldibarko zabortegian, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran aurkitzeko lanak. (IREKIA)

Zaldibarko Eitzaga auzoko bizilagunek ohar batean salatu dute egunero ehun kamioitik gora igarotzen direla haien etxe aurretik, «dozena bat orduro», eta esan dute ez daudela prest kamioiak etengabe pasatzeak sortzen dien eragozpenak pairatzen segitzeko. «Esan ziguten denbora tarte labur batean, bi astez, guztiz beharrezkoa zela kamioiak auzotik igarotzea, desagertuak bilatu eta zabortegia egonkortzeko lanak egingo zirela», jakinarazi dute, baina Lakuak emandako epeak luzatu egin dira. Horretatik, zirkulazioa Olarreagara bideratzea eskatu dute, Elena Moreno Ingurumen sailburuordeak orain hilabete auzotarrekin egindako bileran promestu bezala.

Beltran eta Sololuzeren familia eta lagunei elkartasun eta babesa adierazteaz gain, auzotarrek administrazioari galdegin diote «ahalegin eta interes handiagoa jarri dezaten» gorpuen bilaketa lanetan, eta, horrekin batera, eitzagarrei azterketa medikoak egitea exijitu dute beste behin. «12 urtez zabortegi honen ondorioak jasan ondoren, bertan botatako produktuak eta sortutako kontrolik gabeko suteak jasan ondoren, uste dugu hori dela administrazioak kaltetuekin egin beharko lukeen gutxienekoa. Lehen astetik ari gara aldarrikatzen, eta gaur egun erantzunik gabe jarraitzen dugu», diote.

Bestalde, Lakuako departamentuek esleitzen dioten informazioa ez dela nahikoa agertu dute, uraren eta lurraren kalitateari buruzko «interpretazioa» soilik ematen baitiete, datu zehatzik gabe, eta etxeetatik ateratzeko eskatu zieten familiei ez zaie informaziorik eman, ezta jarraipenik egin, diotenez.

« Beste behin ere, Eitzaga auzoa sakrifikatzea eta zaborra bertan uztea erabaki dute, baina oraingoan Eitzaga Etxeberria baserritik 100 metro baino gutxiagora. Eraikin duten ziega behin-behinekoa dela diote baina zalantza handiak ditugu horren inguruan. Ziegaren behin-behinekotasuna idatziz jasotzea eskatzen dugu, eta behin desagertuen bilaketa amaituta, ziega berriro hustu eta beste leku batera eramatea», aldarrikatu dute.

Bilaketa lanak

Aitor Zulueta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Natur Ondare eta Klima Aldaketaren zuzendariak atzo esan zuen zabortegian desagertutako bi langileen bilaketa-operatiboak bere lan-erritmoari eusten diola hondakinak bilduko dituen biltegia betetzen hasi ondoren.

Martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege Dekretua argitaratu ondoren, bilaketarekin lotutako obra-lan guztiek beren jarduerari eusten diotela ziurtatu zuen, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko hartutako neurrien esparruan jarduera geldiaraztera behartuta dauden eraikuntza-lanetatik salbuetsita baitaude.

Halaber, jakinarazi zuen dagoeneko erabiltzen hasi direla bilaketa-eremuetatik ateratzen ari diren hondakinak biltegiratuko dituen gelaxka, eta horrek «erraztu» egingo duela operatiboak egungo lan-erritmoari eustea.