naiz

23.000 euroko bekarekin euskal kulturaren baitako sormen lanak bultzatuko ditu Korrikak

«Euskal kulturaren baitako somen lana bultzatu asmoz», Korrika kulturalak lan bat 23.000 euroko bekarekin sarituko du bi urtetik behin. Etorkizunera begira eginiko proposamena da. Izan ere, lanak 2020ko urriaren eta 2021eko urtarrilaren artean aurkeztu beharko dira.

AEK-k, Korrika kulturalaren bidez, lan bat sarituko du bi urterik behin. Euskal sortzaile ororentzat zabaldutako deialdia da, diziplina anitz edo bakarra barnebil dezakeena eta, baldintza gisa, lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan behar dutena.

Ohar eta bideoaren bidez antolatzaileek azaldu dutenez, bekaren xedea «euskal kulturaren baitako sormen lanak bultzatzea» da, eta, Korrikaren 23. ediziotik aurrera, «Korrika kulturaleko ekitaldi nagusia taxutzea».

Beka 23.000 eurokoa izango da, eta 23. Korrika kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2022ko azarotik 2023ko apirilera, hain zuzen. Bekaren ezaugarri guztiak dagoeneko zabaldu dira ekimenaren webgunean, eta proposamenak 2020ko urriaren eta 2021eko urtarrilaren artean aurkeztu beharko dira.

«Urrats hau eginda, hemendik bi ediziotara begira jarriko gara: batetik, kultur sorkuntzari beste bultzada bat emateko; bestetik, Korrikako kultur eskaintza guztiz berritzeko», adierazi dute. Hori dela-eta, tartean izango den edizioa, hau da, 22. Korrika, 2020ko azaroan aurkeztuko dutenez, «kultur eskaintza beste era batean osatuko dugu, elkarlana bultzatuz, Euskal Herrian abian izango diren sorkuntza-lanak Korrikan ere sustatuz eta leku gehiagora eramanez».