Maite Ubiria

La Santen hainbat koronabirus kasu agertu arren, atzera bota dute Urrutikoetxea aske uzteko eskaria

Beste 18 bat kartzela frantsesetan gertatu bezala, La Santen ere hainbat Covid-19 kasu azaldu dira. Egoera horretan Josu Urrutikoetxearen aldeko askatasun eskari berri bat aztertu zuen, joan zen apirilaren 1ean, Parisko Dei Auzitegiak. Ugaoko militantearen familiak gaur jakitera eman duenez Fiskaltzak hala eskatuta epaileek atzera bota zuten zerbitzu medikuen agiri batean oinarritzen zen eskaera. Bake Bidea-Bakegileek eta EH Baik gogor salatu dute Urrutikoetxea eta beste euskal presoekin Parisek harturiko jokabidea.

Parisko La Sante espetxea. (NAIZ)
Parisko La Sante espetxea. (NAIZ)

Apirilak 1ean Josu Urrutikoetxea aske uzteko bere defentsak aurkezturiko eskakizun berria aztertzeari ekin zion Parisko Auzitegiko instrukzio ganberak. Egun berean auzitegiak bere erabakia hartu zuen: bertan behera utzi zuen eskaera, Fiskaltzak hala eskatuta, nahiz eta ez presoari ez bere familiari erabaki horren berri ez zion eman.

Gaur Urrutikoetxearen familiak erabaki hori salatu du agiri baten bidez. Bake Bidea-Bakegileek, alde batetik, eta EH Baik, beste batetik, Ugako militanteari emandako tratu ankerra salatu dute.

Era berean, Urrutikoetxeak bezala, osasun larrialdia dela-eta beste hainbat presok kartzelatik berehala ateratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela –hala nola Jakes Esnal, Xistor Haranburu, Ion Kepa Parot, Jon Gurutze Maiza eta Ibon Fernandez Iradi– oroitarazi dute Bake Bidea-Bakegileek eta EH Baik.

Iragan martxoak 26an Bakebidea eta Bakegileek zabaldu zuten agirian Frantziako Justizia Ministerioak harturiko erabakia salatu zuen aipaturiko elkarteak.

Urrutikoetxearekin harturiko azkeneko erabakia «guztiz ulertezina eta eskandalagarria» dela gaineratu dute gaur aipaturiko eragilek. Inoiz baino gehiago euskal presoekiki elkartasuna adierazteko tenorea dela nabarmendu du EH Baik.

Osasun egoera delikatua

Iragan maitzaren 15ean Alpeetako Sallanches herrian, erietxea zihoanean, atzeman zuen frantses Poliziak Josu Urrutikoetxea.

Euskal militantearen defentsak osasun larrialdi egoera orokorrean baina baita «Pariseko La Sante espetxean gertatzen ari den Covid-19 birusaren eratzeak» Urrutikoetxearen osasun bilakaeran izan dezakeen ondorioetan oinarritu zuen bera aske uzteko eskaera berria.

Justizia Ministerioaren datuen arabera, 34 preso kaltetu ditu eritasunak eta beste 650ek dituzte sintomak, testak egin ez badizkiete ere. Fresnesen 74 urteko preso bat hil zen gaisotasunak jota iragan martxoaren 16an.

Bestalde, Muret eta La Santeko presondegietara ere heldu da epidemia. Lehenengo presondegian bederen kasu bat atzeman dute. Kartzela horretan daude Ion Kepa Parot eta Joseba Fernandez Aspurz euskal presoak. La Santen, berriz, lau bat kasu atzeman dituzte.

Presoak duen adinagarik (70 urte ditu) eta azkenaldian izan dituen osasun arazoengatik –besteak beste neumonia eta bronkitisa izan ditu berriki, prostata arazo larri batengatik ebakuntza egin zioten irailean, eta hainbat infekzio jasan ditu– Josu Urrutikoetxea «birusaren kutsatze arrisku aurrean ahulduak diren pentsonen multzoan» sartzen dela azaldu zuen Ugaoko militantearen defentsak bere eskaeran.

Gaur presoaren familiak zabalduriko agirian jasotzen denez «La Sante espetxeko mediku buruak egindako mediku-ziurtagiriak adierazten du Josu Urrutikoetxeak pairatu dituen patologia kronikoak kutsaturik izanez gero pronostiko txarreko faktoreak» liratekeela.

Medikuaren agiria aintzat hartu gabe

Hala eta guztiz ere Parisko Apelazio Gorteko Fiskaltza berriz ere askatasun eskariaren aurka azaldu zen. Hori dela eta egun berean auzitegiak Urrutikoetxea aske uzteko eskaera baztertu zuen, era berean Cochingo ospitalak La Santeko espetxean duen zerbitzu buruak «kartzelaratzea behin-behinean bertan uzteko eskatzen zuen ziurtagiria aintzat hartu gabe».

Are, epaitegiak ez ziola familiari bere erabakiaren berri eman eta abokatuek apirilaren 3an hainbat desmartxa egin behar izan zutela erantzuna jasotzeko salatu dute senideek. Horiek hola, agintari judizialei Urrutikoetxearen espetxeratzea bertan behera uzteko erabakia «beranduegi izan baino lehen har dezatela» eskatu diete agiri horren bukaeran.