NAIZ

Sektorea sustengatzeko «berehalako neurriak» eskatu dituzte editoreek

Editoreek hedabideetara zabaldu duen txosten batean ziurtatu dutenez, Covid-19ak sortu duen krisialdiak galera handiak ekarriko dizkie eta horiei aurre egiteko instituzioen laguntza beharko dute. Lakuako Kultura Sailari «berehala» neurriak har ditzala eskatu diote.

Durangoko Azoka, sektorearen arnasguneetako bat. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Durangoko Azoka, sektorearen arnasguneetako bat. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Euskal Editoreen Elkarteak, Euskadiko Editoreen Elkarteak eta Euskadiko Liburu Ganbarak sektorea pairatzen ari den egoeraren gordina jarri du mahai gainean. Hedabideetara helarazi duen txosten batean azaltzen duenez, 2008ko krisialditik guztiz osatu gabe dagoela sartu da krisialdi berrian, eta egoerari aurre egiteko instituzioen parte hartzera ezinbestekoa izango dutela ziurtatu dute.

Oharrean azaldu dutenez, 2008ko krisialdian inpaktu negatibo handia izan zuen sektoreak, fakturazioak %35 inguru jaisteraino, «eta ez da suspertu». Argitaletxeen kasuan salmenten beherakada %27koa izan da, eta, katean, horrek sektoreko langileen kontratazioan beherakada eragin du (%20 langile gutxiago dabiltza egun liburugintzan).

Editoreen ustez, Covid-19ak sortu duen krisiak eta ondoren sorturiko alarma-egoerak galera gehiago ekarriko die liburuaren balio-kate osoari; egileeei, inprentei, argitaletxeei, banatzaileei eta liburu-dendei. «Lehen kalkulu bat eginda, ikusten da %25ekoa izan dela berez depreziatua zegoen azken urteko salmenten gaineko murrizketa», azaldu dute, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagokionez, horrek 32 milioi euro inguruko galera esan nahi duela nabarmendu dute, eta gaineratu dute konfinamenduaren luzapenarekin 50 milioiak gaindi ditzakeela kopuru horrek.

Horren aurrean, Lakuako Kultura Sailari hainbat eskaera zehatz egiten dizkiote editoreek, besteren artean zenbait konpentsazio-neurri: Gizarte Segurantzan neurri murriztaileak, enplegu-erregulazioko espedienteei heltzeko erraztasunak, 2,5 milioi eurorainoko kreditu lerroaren irekiera eta laguntza publikoak justifikatzeko luzamendua.

Neurri pizgarriak hartzea ere eskatzen diote Lakuari, tartean liburuen mailegu solidarioko programaren erosketak ikastetxeen inguruko liburu-denden bitartez egin daitezela eskatzen dute, baita liburu-bonu bat sortzea ere, «Jaurlaritzak badu-eta dagoeneko aurreko krisiaren esperientzia».

Halaber, azaldu dute EAEko «agintari guztiengana» jo dutela, «neurri hauek modu koordinatuan ezar daitezen».