Katixa AGIRRE

KOARENTENA (III)

Lehenengo aldiz Germanek eta biok antz handia genuen ustea hasi zen zabaltzen. Soberan zeuden orduan azalpen bizigotikoak. Egunkarietan. Interneteko argitalpen batean aurrena. Beste guztietan gero. Gure bi argazkiak argitaratzen zituzten, bata bestearen aldamenean. Leku batzuetan, informazioa osatze aldera, nire kontzertuetako baten argazkia ere argitaratzen zuten. Maite zaituztet! Mundialak zarete gero, mundialak!

Denboraldi hasierako kontzertu bat bertan behera gelditu zen. Gero beste bat, lehenengoa baino inportanteagoa. Nik banekien. Banekien kontratazio agentziakoek beste taldekideekin hitz egin zutela. Eta banekien orain taldekoak damu zirela bandari nire izena atxiki izanaz. Errazago litzateke osterantzean beste abeslari bat topatzea. Baina abeslari berria jartzea eta gainera taldeari izena aldatzea? Gehiegitxo litzateke, ezta? Bada, ez. Azkenean egin, egin zuten. Tira, Gladys, ulertuko duzu, ezta?

Aspaldi ez da nire argazkia agertzen periodikoetan. Germanena, noizean behinka. Azkenekoz irla honetako aireportuan ikusi nuen, afixa batean. Gazte jarraitzen du, argazki horretan. Ni askoz gehiago zahartu naiz.

 

Amak maitale bat duela uste dut. Hori uste dut batzuetan etxea uzten duelako eta ez didalako ezer esaten. Itzultzen denean ere, mutu. Askotan egiten du alde etxetik ezer esan gabe, baina batzuetan berebiziko ahalegina igartzen diot ezer ez esateko. Ez dakit ñabardura ulertzen den. Ez dakit nire imajinazioa den. Amak maitale bat duela uste dudala esan dut. Amak maitale bat izango duen esperantza daukadala zehatzagoa da.

 

Egia ezagutu nahi nuen. Horregatik bere ihesalditxo horietako batean atzetik joan nintzaion. Ez nintzen indiskrezioagatik gaizki sentitu. Hogeita hamar metro utzi nituen bera eta nire artean. Pare bat pertsona agurtu zituen bidean. Kiosko batean, begirada bat bota zien periodiko guztiei, atzerritarrak barne. Erdialdera daramaten eskaileretara jo zuen gero, eta bizkortasun harrigarriz igo zituen guztiak. Gora ailegatu zenean ez zuen gelditu behar izan arnasarik hartzeko. Nik bai. Baina ez nuen horregatik nire harrapakina galdu.

Aldapatxo bat hartu eta enparantza nagusira ailegatu zen. Hor urratsa luzatu zuen eta egonarri gutxiko maitale bat imajinatu nuen. Mediterraneoko eguzkiak belztutako azala, ile gutxi eta marinel kamiseta marradun bat imajinatu nuen. Zuria eta urdina. Picasso ari nintzen irudikatzen, berehala konturatu nintzenez.

Gero, Germanen irudia etorri zitzaidan eta Picassorena erabat birrindu zen. Oso modu argian ikusi nuen, tupusteko agerraldia. Gazte eta bizardun. Alde zaharreko pisu ilun batean, amaren zain, besoaren barruko aldearekin eguzkiaren argira ohitu gabeko begiak babestuz. Kanpoan ze berri? Ekarri didazu eskatu nizun hori? Airea faltan sentitu nuen eta etxera itzultzekotan egon nintzen. Baina ez. Enparantzaren erdian geldi, amari begira gelditu nintzen.

Eliza txuri batean sartu zen orduan. Ateak gontzetan dantzan jarraitu zuen barruratu zenean. Kanpoan itxarotea bururatu zitzaidan, ahalkearen ahalkez. Baina sentimendu txepel horri muzin egin eta neuk ere zeharkatu nuen egurrezko atea.

Meza-garaia.

Kandela usaina.

Miserere nobis.

Zahar ugari, apaiza barne.

Ama aurkitzen eta zedarritzen saiatu nintzen. Hirugarren ilaran zegoen, bakarrik.

Handik aurrera, amarengandik begirada aldendu gabe, liluratuta jarraitu nuen erritu osoa. Ama zutik. Ama jesarrita. Ama belauniko eta berriro zutik. Ama jauna hartzen apaiz zaharraren eskuetatik. Mediterraneoko eguzkiak belztutako eskuetatik.

 

Txango bat egin dugu. Amaren ideia izan da. Ez naizela mugitzen esan dit. Gehiegi erretzen dudala.
Egia borobila, zer esango dut ba.

Portuko bokalean dagoen irlatxo batera abiatu gara gosaldu eta zigarro bat partekatu ostean. Katamaran hori bat hartu eta irlatxo batean lehorreratu gara, zorabiorik pairatu gabe. XVIII. mendetik aurrera koarentena esparru gisa erabilitako irlatxo bat. Lazaretoa. Irlara sartu nahi zuen edozein pertsona edo ondasun (esklaboak kategoria honetan sartzen ziren) susmagarrik linbo hartan itxaron behar zuen, halabeharrez. Harresi gotorra kurritu dugu, bisitatu dugu ospitale zaharra eta bere ohe ilara, eta erdigunean kokatutako kapera txikian sartu gara gero. Hemen ere kandela usaina. Kandela usain zaharra. Gidariak lokutorioak seinalatu dizkigu: apestatuek handik entzun beharra zuten meza. Komunioa pertika batekin hartzen zuten.

Gidariak asperturik eman dizkigu azalpen guztiak baina ez diogu gaizki hartu, enegarrenez Floridablanca-kondearen-aginduz-eraiki-zen-lazareto-hau-1793an bota beharra ez baita lan makala.

Gero denborak aurrera egin zuen, beti gertatu ohi den moduan, eta gerra zibilaren garaia helduta, kontzentrazio esparru bihurtu zuten irlatxo hau. Ondo baliatu zuten harresi sendoa. Preso asko hil ziren hemen, exekutatuta, gaixotasun kutsakorren kariaz edo nazka hutsez. Errepublikanoen eskuetan egon zen aurrena, faxistenenetan gero. Fusilamenduek utzitako zulotxoak ikusi ditugu, horma batean. Zenbaitek argazkiak egin dituzte, besoak goratuta eta paniko aurpegiak.

(Jarraituko du)