NAIZ

Hego Euskal Herriko adinekoen egoitzetan sendatuek gaixotu kopurua atzean laga dute

Bizkaiak ditu kopururik handienak, bai hildako zein gaixotuei buruz eta bai errekuperatutakoen artean. Hala ere, hildakoen (792) eta gaixotuen (1.351) joera beherantz doa nabarmen; eta sendatzeek, aldiz, gorantz egin dute (1.849). Bestalde, kasu positiboen %7,17 soilik dago ospitalean, gainerakoek egoitzetan jarraitzen dute

Pixkanaka, adinekoen egoitzak COVID-19aren krisia gainditzen ari direla dirudi. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)
Pixkanaka, adinekoen egoitzak COVID-19aren krisia gainditzen ari direla dirudi. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Adinekoen egoitzak izan dira Hego Euskal Herrian Covid-19ak gogorren kolpatu duen eremuetako bat. Bi hilabeteotan, orotara 792 hildako laga ditu koronabirusak, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek asteburuan datuak berritu ondoren ikusitakoaren arabera. Hala, Bizkaiak 247 heriotza ditu Covid-19agatik –gehi beste 30 zalantzazko kasu–, 239 Nafarroak –beste 171 kasu konfirmatzeke–, 167 Gipuzkoak eta 139 Arabak.

Bestalde, koronabirusak jota egon eta sendagiria lortu dutenen kopuruak neurri askoz handiagoan egin du gora. Hala, Bizkaiak 833 sendatze kasu konfirmatu ditu, bere azken datuen arabera, Nafarroan adinekoen egoitzetan 223 lagun sendatzetik 421 sendatzera pasa dira astebetean. Araban ere, azken bi egunetan ez da hildakorik izan eta 260 sendatze kasu baieztatu dira. Gipuzkoan, berriz, azken 48 orduetan hildako bat egon da eta beste 11 pertsonak gainditu dute gaixotasuna, baina denera 335 sendatze kasu zenbatu dituzte. Orotara, 1.849.

Zenbat kasu positibo dauden ikusi behar da, adinekoen egoitzetan bizi izan duten trantze gogorra nola dabilen errazago antzemateko. Hala, 633 kasu positibo daude egun Bizkaian, Nafarroa 933 kasu izatetik 510era pasa da hilabete bateko epean. Araban 152 kasu positibotan daude egun –16 kasu gutxiago azken zenbaketatik hona– eta Gipuzkoak 56 positibo kasu ditu –diagnosi positiboa jaso zutenen %10, alegia–, Eider Mendoza Foru Aldundiaren bozeramaileak dioenez. Hau da, 1.351, eta horietatik 97 bakarrik daude ospitalean; hots, positiboen %7,17.

Bestalde, koronabirusaren krisiaren aurreneko hilabete pasatxoan Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundien peko adinekoen egoitzen berriak egunero bidaltzen ziren eta azken aldiotan 48 ordutik behin ari dira txostenak pasatzen, giroa lasaitzen joan ahala.

Langileak ere, sendatze bidean

Adinekoen egoitzetan langileek ere asko sufritu dute. Esaterako, Bizkaiko egoitzetako langileen artean 236 kasu positibo daude oraindik –33 gutxiago, azken zenbaketatik hona– eta beste zenbait isolatuta daude, zehazki, 165 –azken alditik honantz, 14 gutxiago–, Covid-19a ote duten konfirmatzeke.

Nafarroan ere 352 langile bajan daude koronabirusa dela-eta. Alabaina, duela astebete 454 ziren. Ondorioz, zortzi egun eskasean %22ko beherakada izan da Nafarroako adinekoen egoitzetako langileen baja kopuruan.

Beste egoitza mota batzuetan ere datuak arnasa hartzen uzten ari dira. Hala, Arabako desgaitasuna duten pertsonen egoitzetan, lehen aldiz gehiago dira gaixotasuna gainditu dutenak (25) koronabirus kasu positiboak baino (20).

Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpean dauden haurren eta nerabeen babeserako foru egoitza sarean artatutako adin txikiko pertsonen egoerari dagokionez, pasa den asteazkenean kasu positibo bat atzeman zen, eta bizikidetza unitate berean bizi diren lagunei probak egin ostean, beste bostek eman zuten positibo –denak asintomatikoak dira–. Beraz, foru egoitza sarean artatutako adin txikikoen artean sei dira Covid-19an positibo eman dutenak; familia guztiak jakinaren gainean omen daude.