Ramon Sola

Andorra eta Liga, talde inmunitatea urruti kokatzen duten gertuko bi adierazle

Covid-19a gainditzeko bidea, txertorik ez bada, populazioaren %60ak jada infekzioa pasatu izana da: talde inmunitate famatua. Gure inguruan gaur egun portzentaia zertan den neurtuko du Estatu mailako ikerketa serologikoak, baina esparru ezberdinetako bi datu iritsi berri dira, adituek uste dutenarekin ere koherenteak: %15aren inguruan geundeke.

Osasunako jokalariak, testak pasatu dituztenen artean. (OSASUNA)
Osasunako jokalariak, testak pasatu dituztenen artean. (OSASUNA)

Zerikusirik ba al dute Andorrako Estatu txikiak eta Estatu espainoleko Liga ahalguztidunak? Azken orduetan, bai... eta guztioi eragiten digu. Izan ere, bietan neurtu berri da, proba serologikoen bitartez, noraino heltzen den jada koronabirusa pasatu dutenen kopurua, eta bietan adituen ustea baieztatua izan da: %15a inguru.

Ligak Lehen eta Bigarren Mailako jokalari guztiei PCR zein test serologikoa pasarazi die, bai eta entrenatzaile eta gainerako prestatzaileei ere. Konfinamendua erosoago pasa dute seguruenik, baina beraiek ere beren inguruetan isolaturik egon dira azken bi hilabete hauetan, entrenamendu eta partidurik jokatu gabe, bidairik egin barik, etxetik atera ezinean. Bada, filtratu denaren arabera, 1.000 pertsona ingurutik 160 dira serologikoetan positibo eman dutenak, %16a, eta gutxi-gutxi batzuk (dozena batera ez ziren helduko, antza) oraindik ere kutsatuta direnak.

Andorran, bitartean, ikerketa zabala egiten ari da Covid-19a gainditu dutenen kopurua neurtzeko. Azterketaren erdia igaro berria, 41.000 lagun aztertu dituzte eta horren %10ak positiboa eman du, Joan Martinez Benazet Osasun ministroak jakinarazi duenez. Estatuak duen kokapen geografikoagatik eta beste aldagaietatik, portzentai hori gune jendetsuetan baino apalxeago izango dela kontuan hartzea komeni da.

Lagina ezin handiagoa da, 77.000 biztanle dituelako Andorrak. Ikerketaren emaitza, beraz, erabat fidagarria da, zalantzagabea. Estatu espainolak abiatutakoak ezin izango du inolaz ere berdindu. Euskal Herrian, esaterako, 7.020 proba baino ez dira egingo.

Bitartean errepara diezaiegun, beraz, Andorrari zein Ligari: %15a inguruan litzateke inguru hurbilean koronabirusa atzean utzi dutenen portzentaia. Ikerketa ugarik bueltan horretan kokatu du azken asteotan. Amestutako talde inmunitatea, %60a eskatzen duena, urruti samar gelditzen zaigu.