Gipuzkoako 56 alkatek udalen finantzaketa murrizteko erabakia atzera botatzea eskatu dute

Gipuzkoako 56 alkatek maiatzaren 12an onartutako Udalen Finantzaketa Foru Funtsa (UFFF) murrizteko erabakia atzera botatzea eskatu diote Jabier Larrañaga Ogasun Foru Diputatuari, gutun baten bidez. Osasun eta krisi ekonomikoaren ondorioz, Aldundiko Diputatuen Kontseiluak onartu zuen UFFF %20 murriztea.

NAIZ|15/05/2020
Gipuzkoa
Jabier Larrañaga Ogasun diputatuari igorri diote eskutitza. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Maiatzaren 12an Diputatuen Kontseiluak onartutako Udalen Finantzaketa Foru Funtsaren (UFFF) inguruko erabakia atzera botatzeko eskatuz Gipuzkoako 56 alkatek gutuna bidali diote Jabier Larrañaga Ogasun Foru Diputatuari.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak Foru Dekretu-Araua onartu zuen pasa den asteartean, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa (UFFF) zerga bilketaren murrizketara egokitzen zuena.

Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu zuenez, Aldundiak egin dituen aurreikuspenen arabera zerga bilketa %20 eta %25 artean jaitsiko da aurreko urtearekiko eta, ondorioz, UFFF ere maila berean murriztuko da (zehazki, %20).

Jaitsiera honen ondorioz, Gipuzkoako Foru Aldundiak 200 milioi gutxiago izango ditu baliabide erabilgarritan. «Hori dela eta, gure aurrekontua egokitu behar izan dugu errealitate berrira, herritarrek behar dituzten zerbitzuak eskaintzen jarraitu ahal izateko, krisi egoera honetan ere», argudiatu zuen.

«Aldunditik jada doiketa garrantzitsu bat egin dugu gure aurrekontuan, errealitate berrira egokitzeko eta osasun krisiak berekin ekarri duen krisi sozial eta ekonomikoari erantzuteko. Orain udalen txanda da», azaldu zuen Mendozak.

Alkateen gutuna

Horren aurrean, gutuna sinatu duten 56 alkateek adierazi dute «covid-19aren krisian ere udalek lehen mailako erantzuna» eman dutela. «Ez dugu onartzen aldebakarrez harturiko erabaki hau eta irtenbidea adostea proposatzen diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari», jakinarazi diote Larrañagari igorritako gutunean.

Alkateek lau proposamen luzatu dizkiote Gipuzkoako Aldundiari: «atzera bota dezala UFFF bueltatzeko onarturiko erabakia», «2020ko aurrekontu aurreikuspenak bere horretan manten ditzala udalentzat», «zerga bilketaren jaitsieraren ondorioz, UFFFaren beherakada itzultzeko hiru urteko epealdia ezartzea 2021ean hasita, inongo interesik gabe» eta «Gipuzkoako Foru Aldundiak 20 milioiko diru-laguntza bidera dezala udaletara covid-19aren krisiak sorturiko gainkostuak arintzeko asmoz».

Goiz honetan da biltzekoa Gipuzkoako Finantza Kontseilua Donostian.

Sinatzaileak

Sinatzaileen artean Azpetia, Bergara, Astigarraga, Errenteria, Elgeta, Getaria, Hernani, Idiazabal, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Orio, Usurbil, Zizurkil eta Zumaiako alkateak daude. 56 dira guztira.

NOTICIAS RELACIONADAS

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.