NAIZ

Patxi Ruizek uko egin dio ospitalera joateari, epaitegiaren aginduz ez bada

Patxi Ruiz euskal presoari zenbait froga egin dizkiote gaur espetxean, eta horren ondoren ospitalera joatea proposatu diote, baina txantrearrak uko egin dio eta epaitegiaren auto baten aginduz ez bada ez dela joango jakinarazi du, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak azaldu duenez. Hamaikagarren eguna bete du gaur gose eta egarri greba hasi zuenetik. 

Patxi Ruizekin elkartasunean gaur arratsaldean Donostian eginiko kontzentrazioa. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Patxi Ruizekin elkartasunean gaur arratsaldean Donostian eginiko kontzentrazioa. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Patxi Ruiz txantrearra ez dute ospitaleratu, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak zehaztu duenez. Hasiera batean oharra igorri du, gaur arratsaldean ospitalera eraman dutela berri emanez, baina handik gutxira informazioa zuzendu du. Hirugarren ohar batean azaldu duenez, euskal presoari zenbait froga mediku egin dizkiote gaur espetxean bertan, eta horien arabera «giltzurrunetako akatsa pairatzen ari da». Oraindik bere kabuz ibiltzeko gai da baina bere egoera oso larria dela eta «hiltzeko benetako arriskua» dagoela ohartarazi du.

Azterketen ondoren kartzelatik ospitalera eramatea proposatu diote, baina Ruizek uko egin dio eta epaitegiaren auto baten bidez ez bada erietxera ez dela joango jakinarazi du.

Iruindarrak hamaika egun egin ditu gose eta egarri greban Murtzia II espetxean, kartzelako osasun baldintzak salatzeko protesta batean parte hartzeagatik funtzionarioek eginiko mehatxuak salatzeko. 

Atzo, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegiak espetxeari euskal presoen egoeraren inguruko txostena igortzeko eskatu zion, bere abokatuak ‘Argia’ agerkariari azaldu zionez. Auzitegiak txantrearraren ospitaleratzea agintzen duen autoa kaleratzea espero zutela adierazi zuen abokatuak, eta presoa seruma jasotzeko prest zegoela erantsi zuen, betiere ospitaleratua izanez gero. Ruiz ez da fio espetxean egin edo eman diezaioketenaz.

Ekimenak espetxeetan eta kalean

Ruizekin elkartasunean hainbat ekimen ari dira burutzen espetxeetan, hala nola txapeoak, barauak eta janari erretiluari uko egiteak. Kalean ere mobilizazioak ari dira egiten egunero hainbat herritan eta barauak beste hainbatetan.