naiz

Gipuzkoako eta Arabako adinekoen egoitzetan ez da inor hil azken 12 eta 11 egunetan, hurrenez hurren

Gipuzkoako egoitzek dagoeneko hamabi egun daramatzate covid-19an positibo eman duen erabiltzaileen heriotzarik gabe; Arabakoek, berriz, hamaikagarren eguna dute ostiralean. Azken orduetan, bestalde, ez da kutsatu berririk erregistratu Gipuzkoan eta Araban.

Gasteizko zaharren egoitza bat. (Raúl BOGAJO/FOKU)
Gasteizko zaharren egoitza bat. (Raúl BOGAJO/FOKU)

Gipuzkoako egoitzetan ez da heriotzarik izan azken hamabi egunetan, eta azken orduetan ez da kasu positibo berririk antzeman. Bestalde, sei lagunek jaso dute mediku alta azken orduetan, Aretxabaletako GSR Debagoienako zentroan lau lagunek, Eibarko San Andresen batek eta Arrasateko Iturbiden beste batek.

Hala, San Andres eta Iturbideko zentroek ez daukate covid-19 kasu positiborik, eta 14 dira kasu aktiborik ez daukaten erresidentziak Gipuzkoan: aipatutakoez gain, Eibarko Egogain, Irungo Caser Residencial Anaka, Zarauzko Santa Ana, Hondarribiko Caser Residencial Betharram, Zumaiako Otezuri, Donostiako Aita Etxe, Beasaingo Arangoiti, Donostiako La Paz, Ordiziako San Jose, Zumarragako Argixao, Eskoriatzako Jose Arana, Eibarko San Andres eta Arrasateko Iturbide.

Bi dira covid-19 kasu aktiboak dituzten zentroak Gipuzkoan eta pertsona bat dago ospitaleratuta.

Gaur arte, Gipuzkoako adineko pertsonen egoitza sarean 373 lagunek gainditu dute gaixotasuna, 167 zendu dira eta 22 dira diagnostiko positiboarekin daudenak, hurrenez hurren, %66,3a, %29,7a eta %4a.

Joera positiboa Araban ere

Arabako adinekoen egoitzetan ez da azken hamaika egunetan koronabirusaren ondoriozko heriotzarik izan erabiltzaileen artean; beraz, heriotza-kopuru osoa 140koa da, eta azken balantzean ere ez da kutsatu berririk zenbatu aurreko zenbaketarekin alderatuta.

Ostiral honetan Arabako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, 42 pertsona daude koronabirusak kutsatuta erresidentzietako erabiltzaileen artean, hau da, joan den asteartean baino 18 pertsona gutxiago.

Zentro horietan koronabirusaren bidez positiboa duten pertsonen kopurua apirilaren erdialdean (pandemiak goia jo zuenean) erregistratutakoa baino bederatzi aldiz txikiagoa da. Egoitza-zentroak arduratzen dira koronabirusa duten pertsona gehienak artatzeaz (38), eta ospitaleetara pertsona horietako lau eraman dituzte.

Kasu positibo guztietatik 24 zentro pribatuetako erabiltzaileak dira eta beste 18 foru egoitzetan bizi dira. Aldi berean, koronabirusa gainditu duten pertsona kopuruak gora egin du; 374 dira jada, hau da, azken eguneratzean baino 17 gehiago.

Ezgaitasunen bat duten pertsonen egoitzetan ere joera berbera antzematen da; izan ere, gaixotasuna gainditu duten egoiliarren kopurua handitu egin da (38), aurreko eguneraketan baino pertsona bat gehiago, eta koronabirusaren bidez positiboa duten erabiltzaileen kopurua gutxitu egin da (11).