Sindikatuek neurriak eskatu dizkiote Lakuari lan-istripuen «odolustea» bukatzeko

Elkarretaratze bana egin dute ostiral honetan Beasainen eta Santurtzin, lan-istripuz hil diren azken bi langileen oroimenez. Bitartekoak eskatu dizkiote Lakuako Gobernuari, lan-istripu hilgarrien «odolustea» behingoz amai dadin.

NAIZ|22/05/2020
Loading player...

Beasaingo Udaletxe plazan elkartu dira, ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE eta Hiruk deituta, hainbat lagun, lan-istripu hilgarrien kontra protesta egiteko. Goierriko herri honetan, 29 urteko akrobata batek galdu zuen bizia joan den astelehenean, igandean entrenatzen ari zela eroriko bat izan ondotik.

Unai Aizpuru LABeko ordezkariak Efe agentziari adierazi dionez, elkarretaratzearen xedea Euskal Herrian gertatzen diren lan-istripu hilgarrien «odolustea» salatzea eta gelditzea da. «Istripuok ez dira kasualitatearen ondorioz gertatzen, laneko prekaritatea bultzatzen duen neoliberalismoagatik baizik», argitu du.

LABen datuen arabera, jada 33 langile hil dira aurten, hiru aste honetan bertan. Horiei Zaldibarreko zabortegian desagertutako beste bi langile gehitu behar zaizkie.

Patronala jo du arduradun LABeko kideak, «interes ekonomikoak pertsonen osasunaren gainetik» jartzen dituelako, baita Lakuako Gobernua ere, «ez dituelako beharrezko neurriak hartzen».

Iñigo Urkulluren exekutiboari soluzio bat eskatu dio Aizpuruk, garapen ekonomikoa eta lan segurtasuna uztartuko dituena.

Pandemian, «are babesgabeago»

ELAko Izaro Mujikak erantsi du Covid-19aren pandemiak sortutako egoerak «are zaurgarriago» egin dituela eta «are babesgabeago» utzi dituela langileak.

Aizpuruk bezala, Mujikak ere neurriak har ditzala exijitu dio Lakuako Gobernuari, «segurtasun eta osasun arloetan legea betetzen dela bermatzeko».

Santurtzin

Asteazkenean, Vulcanizados Retuerto enpresako 38 urteko langile bat hil zen Bilboko Portuan. Eta bertako enpresa batzordeek elkarretaratzera deitu dute eguerdirako; estibak, Bilboko Portuko Agintaritzak, amarratzaileek eta barruko trafikoan ibiltzen diren langileek, alegia. Portuko sarreran izan da elkarretaratzea, Santurtzin.

Portu honetan bertan aurten bi langile hil direla salatu dute. 

 

 

NAIZ
Loading player...


Koronabirusaren krisiak kaltetutako taldeei laguntza ekonomikoa eman eta euskal musikaren industria babestu eta kulturari egiten dion ekarpena balioan jarri nahi du NAIZ Kontzertuak ekimenak.

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.