NAIZ

‘Lili’, Sara Zozaya abeslari donostiarraren single berria

Sara Zozayak ‘Lili’ kantua eta bideoklipa zintzilikatu ditu sareetan. Argia ekainaren 19an ikusiko duen ’(I)’ diskoaren aurrerapen abestia da. Bertan, «lasaitu, etzan eta isiltasunean bihotzak esaten dizkigun gauzei zintzotasunez kasu egitearen garrantziaz» mintzatzen zaigu abeslari donostiarra.

‘Lili’ abestia argitaratu berri du Sara Zozaya abeslari donostiarrak, ekainaren 19an argitaratuko duen ‘(I)’ diskoaren aurrerapen kantu berria.

Kantuaren bidez, Zozayak egunerokotasunean bizi dugun frenetismoa alde batera utzi eta geure burua entzuteko gonbita luzatzen digu. «Lasaitu, etzan eta isiltasunean bihotzak esaten dizkigun gauzei zintzotasunez kasu egitearen garrantzia da ardatza», azaldu dute Gure Bazterrak, artisten sustapen plataformatik.

Sara Zozayaren bigarren lana da ‘(I)' (‘Bat’ gisa ahoskatu daiteke). Lan berrian, pop alternatiboarekin eta erritmo elektronikoekin esperimentatu du artista donostiarrak, horiek euskal musikaren tradizioarekin uztartuz.

Abestiaren bideoklipa Mario Sanz zinemagileak osatu du eta kanta zein bideoklipa plataforma digital nagusietan topa daiteke.

Donostiako abeslari gaztea da Sara Zozaya. Hainbat musika proiektutan parte hartu ostean Nerabe musika taldea sortu zuen beste hiru lagunekin batera eta, 2019. urte hasieratik, bakarkako proiektu pertsonalago batean ere murgilduta dago. Azken urtean hainbat musika jaialditan  hartu du parte Zozayak, besteren artean Jazzaldian, eta 2019ko urte amaieran argitaratu zuen bere bakarkako lehen luzea, ‘Ill’ izenpean. Ekainaren 19an aurkeztuko du bere bakarkako bigarren diskoa, ‘(I)’.