Koronabirusak Erresuma Batuaren zatiketa areagotu du

Brexitaren erreferendumaren emaitzek eta Europako Batasunetik irtetzeko negoziazioek Eskozia eta Irlandako Iparraldea Ingalaterratik aldendu zuten. Boris Johnson lehen ministroak pandemiaren inguruan, eta orain deseskalatze prozesua dela eta, aurrera daraman gestio aldrebesak mesfidantza areagotu du, baita Galesen ere. Erresuma Batua, inoiz baino sakabanatuago.

Dabid Lazkanoiturburu|25/05/2020
Escocia
Nicola Sturgeon Eskoziako agintaria. (AFP)

Boris Johnson lehen ministro britainiarrak koronabirusari erantzuteko hartu zuen lehen erabakiak, konfinamendurik ez egitearena jendea kutxatu zedin artalde-inmunitatea lortzeko, ia-ia hilerrira eraman zuen Londreseko alkate ohia bera.

Ordurako atzera egin behar izan zuen eta jendea etxetik ez ateratzeko agindua eman zuen. Berandu, egun Britainia Handia gaitzak gehien kolpatu dituen herrialdeen artean baitago.

Giroa ez da baretu egungo deseskalatze prozesuan. Eskozian eta Galesen kezkatuta daude Johnsonen gestio aldrebesarekin eta hango poliziek Ingalaterratik doazen kotxeak behatuko dituzte, eta lan kontuagatik edota urgentzia bategatik ez bada Ingalaterrara itzularazteko agindua dute.

Galesek eta Eskoziak 1997an eskuratu zuten autonomia, Tony Blairren Gobernuaren aginpean. Horrela, bada, Osasungintza Cardiffeko eta Holyrood-eko Gobernuen eskutan dago.

Ingalaterrarekin lur-mugarik ez duen Irlandako Iparraldean ere Osasun zerbitzuak Stormonteko Exekutibora transferituta daude. Beraz, hiru lurraldeek neurri propioak hartu dituzte. Eta, inkesta guztien arabera, gestio hobea egin dute Ingalaterrakoarekin alderatuta.

Orain ere ez daude deseskalatze-prozesuarekin eta erritmoekin ados. Nicola Sturgeonek Eskoziako lehen ministroak, inkesta guztietan txalotuak, lau fasetako deskonfinamendua iragarri du eta ez du eskolak irekiko hurrengo ikasturtera arte, abuztuaren 11an hasiko dena.

Erabaki honek berebiziko garrantzia du sekulako iskanbila sortu duen eztabaidaren barnean. Sindikatuak, gurasoen elkarteak, maixuen eta medikuen elkargoak eta hainbat udal, Mantxesterrekoa tartean, bat datoz ekainaren 1etik aurrera eskolara itzuli beharraren arriskuaz ohartaratzeko orduan.

Lanera itzultzea, dendak eta tabernak zabaltzea, eta turismoa bultzatzea tentu handiz egitearen alde azaldu dira eskoziarrak, galestarrak eta (ipar) irlandarrak.

Eta Johnson berak amore eman behar izan du. Ez baitu indarrik ere «Union Jack» osatzen duten herrialdeei koronabirusari erantzun bateratua inposatzeko.

Ingalaterrako kontua

Hasieratik ikusten zen Brexita Ingalaterrako auzia zela. Erreferendumaren emaitzek premisa hori baieztatu egin zuten. Eskoziarrek eta (ipar) irlandarrek Europako Batasunean geratzearen alde bozkatu zuten. Galesen ere ziurrenik Brexitari ezezkoa gailenduko zen mugan bizi diren milaka eta milaka ingelesen bozengatik izan ez balitz.
 
Erresuma Batua are gehiago sakabanatu du pandemiak eta pandemiaren gestioak.

Johnsonek lortu zuen bere ametsa, Downing Street-era iristea alegia, Brexitari esker. Orain Erresuma gero eta txikiagoan agintzen du. Eta nekez, Keir Starmer laboristen buruzagi berria 10. zenbakiari ate joka baitu. Luze egingo zaizkie Johnsoneri eta Erresuma Batuari ondorengo lau urteak.
 

 

NAIZ KONTZERTUAK
Iñigo URIZ/FOKU
Loading player...


Huntza taldeak Durangoko Plateruenan emandako NAIZ Kontzertuaren unerik onenak.