NAIZ

Arkaitzerrekako isurketaren ondorioak konpontzeko eskatu dio Eguzkik Donostiako Udalari

Zubietako erraustegiak Arkaitzerrekan egin zuen isurketaren ondorioak konpontzeko eskatu dio Eguzkik Donostiako Udalari. Izan ere, ehunka arrain hil zituen isurketa Donostiako udalerrian eman zen.

Isurketaren ondorioz Arkaitzerrekan hildako arrainak. (EGUZKI)
Isurketaren ondorioz Arkaitzerrekan hildako arrainak. (EGUZKI)

Hil honen hasieran Arkaitzerrekan ehunka arrain hil zituen isurketa toxikoaren ondorioak konpontzeko eskatu dio Eguzki talde ekologistak Donostiako Udalari. «Beste aldera begiratzeari uzteko» ere eskatu dio Udalari.

Izan ere, Arkaitzerrekaren arroaren zatirik handiena Donostiako udalerrian kokatzen da. Udalerri berean dago, gainera, isurketaren jatorria izan zen tokia, erraustegia.

«Isurketaren larria ikusita, mobilizatu zitezkeen eragile guztiak mobilizatu dira. Bai URAk bai Aldundiko Basozaintzak espediente bana ireki dituzte; Usurbilgo Udalak hasiera-hasieratik jarraipena egin eta laginak ere bere kabuz hartu eta aztertu zituen; Fiskaltzak gaia mahai gainean du, Anerreka, Zubieta Lantzen eta Eguzkiren ekimenez, isurketa ingurumenaren aurkako delitua izan daitekeelako. ‘Eragile guztiak’, esan dugu, baina guzti-guztiak? Ez, paradoxa bada ere, Donostiako Udalak ez du ezer esan, errekarekin eta erraustegiarekin berarekin zerikusirik izan ez balu bezala», adierazi du Eguzkik.

Horregatik, Eguzkik Donostiako Udalari idatziz eskatu dio lan egin dezala gertaerak argitzeko, erantzukizunak zehazteko, antzekorik berriro ez gertatzeko eta, batez ere, Arkaitzerrekaren lehengoratze-lanetan «modu proaktiboan» jokatzeko. Horretarako eskumenak dituela nabarmendu du talde ekologistak.

Isurketaren kalteak pairatu dituen espezietako bat, aingira, babestua dagoela gogoratu du Eguzkik.

Honekin batera, GHKren ardura nabarmendu du Eguzkik, isurketa Zubietako erraustegian izan zelako. Isuria bera ez zela egon esan zuen hasieran GHK-k. Ondoren, erraustegiarekin zerikusirik ez zuela adierazi zuen. Azkenean, hasieratik salatzen zena onartu behar izan zuten: ehunka arrain hil zituen isurketak erraustegian zuela jatorria.

«Arkaitzerreka ondotik pasatzean arrainak hilik ikusi eta abisatu zuten pertsona haiei esker izan ez balitz, isurketa isilpean geratuko litzateke», azpimarratu du Eguzkik.