Dabid Lazkanoiturburu

Italiako mafiak prest daude koronabirusaren pandemiaren biharamunerako

Italia guztia ikaratuta eta etxean sartuta zegoenean hazia ereiten jarraitu du mafiak. Jende askok ez zeukan jatekorik eta denda eta enpresa askok dirua behar zuten hondoa ez jotzeko. Orain, deseskalatzearekin, zorren ordainak eskatzeko ordua iristear dago.

Janari eta elkartasun eske Napolesen. (CARLO HERMANN)
Janari eta elkartasun eske Napolesen. (CARLO HERMANN)

Ekainaren 3an muga guztiak zabaltzearekin normaltasuna berreskuratzeko asmoa du Italiak, ia hiru hilabete latzen ondoren.

Normaltasunaren haritik mafia itzuliko da, eta iturri batzuek ohartarazi dutenez indar gehiagorekin.

Izan ere, martxoaren hasieran ezarri zen konfinamenduaren lehen egunetik birkokatzen saiatu dira mafia taldeak, egoera baretu eta dirua berriro mugitzen hasten denean posizio onenean egoteko.

Kalabrian eta Sizilian nahiko ohikoa izan da mafiako kideak eta familiak auzokideen artean janari-poltsak banatzen ikustea.

Giuseppe Conte lehen ministroaren Gobernuak laguntza pila bat agindu du baina, burokrazia tarteko, iritsi ez diren bitartean jendeak jan egin behar zuen.

Enpresa gizon eta dendari askok ere dirua behar zuten, ez hitzemate hutsak. Beraz, mafiaren «maileguak» ugaldu egin dira. Ia baldintzarik gabe.

Etorriko dira gero interesen igoera eta enpresa gizonek zorrari aurre egiteko ordua. Orduan iritsiko da negozioak eta dendak konfiskatzeko ordua. hori baita mafiaren helburua, dirua zuritzeko negozioak izatea.

Baina, bitartean, ongi etorria izan dadila diru-sarrera. Gero gerokoak.

Geroa orain da eta Kalabriako N'drangheta, Italiako mafiarik boteretsuena (30.000 kide eta 43.000 milioi euroko irabaziak urtero), prest dago. Jende askok beltzean lan egiten zuen eta gehienez 40 euro irabazten zituen egunean.

Ezer gabe geratu direnean hor egon da erakundea, etxerako erosketak ordaintzen edo 300-400 euroko laguntzak ematen.  Sosak, droga trafikotik milioika milioi irabazten dituen Kalabriako mafiarentzat. Asko, poltsikoa hutsik duenarentzat.

Zorra ordaintzeko ordua iritsiko denean hor izango dira hautagai bati botoa emateko «aholkuak»….Betidaniko klientelismo politikoa indartzeko ordua.

Ez da soilik Kalabriako kontua. Sizilian, Napolesen… gauza bera gertatu da. Italiako hegoaldeko hiririk handienean Estatua ez dago eta Camorrak Estatuaren papera hartzen du. Bost axola jendeari diru-laguntza nondik datorren. Izan ere, konfinamenduan zutik iraun duen merkatua legez kanpoko produktuena izan da.

Krisia kartzelatan

Koronabirusa dela eta, Italiak aste hauetan bizi izan duen krisi politikoaren atzean mafia izan da.

Kartzelatan bizi zen egoera larriaren aitzakiarekin –ehunka kutsatu presoen eta espetxezainen artean, hainbat presondegitan 13 hildako eragin zituzten matxinadak, mafiek bultzatutakoak, ihesaldiak…– Gobernuak 376 mafioso kartzelatik atera eta etxera bidali zituen –guztira 4.000 presoren artean– norbere etxean atxilotuta jarraitzeko.

Erabakiak hautsak harrotu zituen, etxeratutakoen artean mafiaburu eta boss ezagunak zeudelako, etxetik lasai asko sareak berrantolatzeko prest. Hauetako asko isolamendu zorrotzenean zeuden kartzelan eta kutsatzeko aukera gutxi zuten, beraz.

Presondegiko Administrazio Departamentuaren (DAP) buruak, Francesco Basentinik, kargua utzi behar izan du eta Alfonso Bonafede Justizia ministroarena ere denen ahotan egon da.

Askoren ustez, Gobernuaren eta mafiaburuen arteko negoziazioak izan ziren eta hauek etxerako bidea lortu zuten matxinada eta ihesaldi gehiago ez bultzatzearen ordainetan.

Azkenean Gobernuak atzera egin eta mafiosoak kartzelara itzuli zituen. Horri esker Justizia ministroak bi zentsura-mozio gainditu ahal izan ditu Parlamentuan, batez ere Mateo Renzi lehen ministro ohiaren alderdiak, gehiengoa babesten duen Italia Viva alderdiak, atzera egin eta azken momentuan mozioaren aurka bozkatu zuelako.

Alde bozkatu izan balu gobernu krisi larri baten aurrean izango zen Italia.

Horrek ez ditu Bonafedek ordezkatzen duen M5S mugimenduak zuzentzen duen Gobernuaren aurkako kritikak leundu. Are gutxiago, N'drangheta-ko ehun bat presok hiritartasunaren errenta jasotzen hasi direla jakin denean. MS5en programaren izarra den giza-laguntza onartu zaienen artean mafioso aberats asko daude.

Gobernuak dirua itzultzeko eskatu die orain. Sosak eurentzat. Bizia mafiari esker bizi diren italiarrentzat.