NAIZ

XV. Tene Mujika literatura beka deialdia zabaldu dute

Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta gure literatura aberasteko asmoz, XV. Tene Mujika beka deialdia ireki dute Elkar argitaletxeak eta Debako Udalak. Irabazleak 6.000 euro jasoko ditu, liburua argiratu ahal izateko.

Xabier Gantzarainek 2018an argitaratu zuen ‘Zuloa’ Tene Mujika bekari esker. (Gorka RUBIO I FOKU)
Xabier Gantzarainek 2018an argitaratu zuen ‘Zuloa’ Tene Mujika bekari esker. (Gorka RUBIO I FOKU)

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean antolatzen duten literatura beka honek Euskal Herriko «historia hurbilaren» ezagutza zabaltzeko eta gure literatura aberasteko helburua du. Ireki berri den XV. deialdian Tene Mujika beka irabazten duenak 6.000 euroko dirulaguntza jasoko du proiektua aurrera eraman ahal izateko.

Oinarrien arabera, «gure herriaren azken 70-60 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez litezke», hala nola, biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak eta ikerketak. Lanak jatorrizkoa eta euskaraz sortua izan beharko du, aurrez argitaratu nahiz saritu gabea.

Proiektuak aztertzean, bi ezaugarri hartuko dira batez ere kontuan: testuaren beraren kalitatea eta gaiaren interesa. Ez da fikziorik onartuko baina bai materialaren lanketa literarioa, idazleak hala nahiko balu; dibulgazio-lanak bezala egin litezke ikerketak, baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak.

Bekako diru-kopuruaren erdia, alegia, 3.000 euro, izendatu bezain laster jasoko du irabazleak, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan, lehen erdia jasotzen duenetik urtebetera hain zuzen ere. Hala, irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du gehienez, idazlan amaitua antolatzaileei helarazteko. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso beharko du.

Proiektuak, aurtengo abenduaren 9 arte bidal litezke helbide artxiboa@deba.eus helbidera. Parte hartzaileek bertara bidali beharko dute idatzi nahi duen lanaren azalpena (3-6 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, gaia, egitura, iturriak, metodologia, aurreikusitako luzera, estiloa…) eta idazlanaren lagina edo erakusgarria (15-20 orrialde artekoa).