NAIZ

461 kulturgilek erabili dute Lakuaren aholkularitza zerbitzua

Lakuak kultur eragileentzako martxan jarri zuen aholkularitza zerbitzuak 461 kontsulta jaso ditu martxan daraman hilabetean. Kontsulten ia erdiak langile autonomoek egin dituzte eta, sektoreka, antzerkian (153), ikus-entzunezkoetan (146) eta musikan (125) dabiltzan langileak izan dira zerbitzua gehien erabili dutenak.

Antzerkiaren arloko 153 profesionalek erabili dute zerbitzua hilabetean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Antzerkiaren arloko 153 profesionalek erabili dute zerbitzua hilabetean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Lakuak kultur eragileentzako martxan jarri duen aholkularitza zerbitzuak 461 kontsulta jaso ditu apirilaren 24an martxan jarri zenetik, Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailetik adierazi dutenez. Kontsulten %95,4 Covid-19aren krisiak kulturaren munduan izan dituen ondorioak arintzeko administrazioek abian jarritako laguntza eta prestazioekin lotuta egon da.

Kontsultak egin dituzten herritarren %47 inguru autonomoak izan dira, eta besteren konturako langileak ia %25. Halaber, %8 ‘Beste batzuk’ kategorian kokatu dira, eta beste %8 sozietate mugatu gisa. Sailetik zehaztu dutenez, ‘Beste batzuk’ kategoriaren barruan daude, azken hilabeteetan inolako diru sarrerarik izan ez duten pertsonak, besteren kontura edo autonomoen erregimenean kotizatzen ari ez direnak eta arazo gehigarriak izan ditzaketenak.

Kultur sektoreei erreparatuz gero, antzerkia (%33), ikus-entzunezkoa (%32 inguru) eta musika (%27) izan dira nagusi. Nabarmen atzerago daude arte bisualak (%11,9), dantza (%11, 5) eta liburua eta literatura (%6,9). Halaber, kulturaren balio kateari dagokionez, sorkuntza (%56), ekoizpena (%35), erakusketa (%24) eta prestakuntza (%22) nabarmendu dira.

Kontsulten arrazoi zehatzei dagokienez, gehienek laguntzak eta prestazioak izapidetzearekin izan dute zerikusia (%95), eta zalantza ohikoenak izan dira Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafeen ingurukoak (%26,5), laguntza lerroen bateragarritasunaren ingurukoak (%23,5) edo, besterik gabe, kulturarako laguntza espezifikoei buruzko informazio orokorraren eskaera (%19,1). Azken astean, kontsulten %73k zerikusia izan dute Lakuak kulturako langileei eskainitako laguntzekin.

Hizkuntza eta generoa

Kontsultak bideratzeko erabili den hizkuntzari dagokionez, %34k kontsulta euskaraz kudeatzeko eskatu dute, eta %66k gaztelaniaz. Generoari erreparatuz, zerbitzuaren funtzionamenduko bost asteetan, kontsulten %48 gizonek egin dituzte, eta %46 emakumeek. Halaber, zazpi pertsonak ez bitarra direla adierazi dute (guztizkoaren %1,5), eta 18 lagunek ez dute erantzun (%3,9).

Azkenik, kontsulten jatorriari erreparatuta, %49 Bizkaian lan egiten duten edo bizi diren pertsonek eta erakundeek igorri dituzte, %38 Gipuzkoatik iritsi dira eta kontsulten %12 inguru Arabatik egin dira. Zerbitzua abian izan den laugarren eta bosgarren asteen artean, ehunekotan behera egin dute Bizkaiko eta Gipuzkoako kultur eragileek egindako kontsultek, eta gora, berriz, arabarrek egindakoek.

Lakuak apirilaren 24an abiatu zuen kultur arloko langileei zuzendutako aholkularitza zerbitzua, Covid-19aren krisiaren ondorioei aurre egiteko bultzatutako laguntza eta neurriei buruzko informazio guztia errazteko. Zerbitzua Kulturklik Pro plataformaren bidez eskaintzen da.