Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

‘Gezurren habia’, gazteak literaturara lotzeko amua

‘Sara’ (2017) eta ‘Kinito egunak’ (2018) lanen ondoren ‘Gezurren habia’ (Elkar) argitaratu du Jabi Elortzak. Gazteak izaten ditu protagonista beti, haiek gerturatu nahi baititu literaturara. Istorio sinesgarriak sortzen ditu horretarako, gertukoak zaizkien pertsonaia eta arazoekin. Bilbon kokatu du trama, eta Ainhoa, Saioa ahizpa eta Ane ezagutuko ditugu.

Jabi Elortzak Elkarren eskutik argitaratu du bere azken nobela, ‘Gezurren habia’. (ELKAR)
Jabi Elortzak Elkarren eskutik argitaratu du bere azken nobela, ‘Gezurren habia’. (ELKAR)

Zamudioko institutu batean euskara irakaslea da Jabi Elortza eta ogibideari esker harreman estua du gazteekin. Asko ikasi eta jasotzen du haiengandik: kezkak eta ardurak, arazoak, beren egunerokoaren gorabeherak eta gustuak, besteak beste. Errealitatearen ezagutza horrek eragin argia du bere idazketan, ezer ez da zoria ez eta kasualitatea.

‘Sara’ (2017) arrakastatsua eta ‘Kinito egunak’ (2018) nobelen ondoren ailegatu da idazle gisa egin duen ibilbidean ‘Gezurren habia’. Xabier Mendiguren editoreak ostegun honetan aurkezpenean azaldu duen moduan, Elortzaren liburuak «nahiko gordinak dira», behintzat ez da komediarik egoten eta harreman pertsonal eta familiar nahiko latzak proposatzen ditu. Idazleak ohartarazi du: errealitateak maiz gainditzen du fikzioa.

Larunbat gaua da eta Ainhoa, 17 urteko gaztea, ez da etxera itzuli. Asteburu horretan amarekin daude eta honek aitari deitu beharko dio gertatu dena kontatzeko. Bananduta daude eta ez dute harreman ona. Ertzaintzak hartuko du ikerketaren ardura eta Saioa 15 urteko ahizpa galdekatuko dute lehendabizi, ondoren gurasoak. Eta orduan konturatuko dira Ainhoaren errealitatearen atzean gauza asko daudela.

Lan berria prestatzeko oso presente izan zuen ezaugarri bat: idazkera. «Gazte literatura egiteko oinarrizkoa da gustagarria izatea», uste du egileak. Badaude ikasleak, nerabeak, dena irakurtzen dutenak, badaude batzuk ezer irakurtzen ez dutenak, nahiz sekulako nobela interesgarria izan. Halakoetan maiz, irakurtzeko zailtasunak daude tarteko. Eta bada hirugarren multzo bat: inoiz irakurri ez dutenak eta gustatzen zaien edo ez ez dakitenak ere. «Hasi eta gustuko ez badute utzi egiten dutenak. Eta nik horiek enganatxatu nahi ditut», adierazi du egileak aurkezpenean.

Sinesgarritasunaren gakoak

Istorioa interesez jarraitzeko istorioak berak gazteen begietara sinesgarria behar duela izan iritzi du. Horregatik gertutasunaz baliatzen da. Trama oraingoan ere Bilbon kokatu du, eta protagonistak gazteak dira. «Adina aukeratzea oso garrantzitsua da, eta eragingo du irakurtzeak edo ez. Gazteentzat eleberri bat egiten baduzu eta 13 urtekoa jartzen baduzu protagonista, 15ekoek ez dute irakurriko». Hala sortu ditu Ainhoa, Saioa ahizpa eta Ane laguna. Honek ere, aurrenekoak bezala, 17 urte ditu.

‘Gezurren habia’n beste ardatz nagusi bat sare sozialak eta teknologiak dira. Egoera zein den salatzeko Ainhoa irudikatu du sare sozialen menpe bizi den neska bezala. Izugarrizko garrantzia ematen die, «engantxatuta dago» eta ‘like’ eta ‘ez like’ delakoaren armiarma sarean harrapatuta dago. Gazteek beren artean sare sozialen bidez egiten dizkioten erronkak ere hizpide dira nobelan. Idazlea kezkatuta dago errealitate honekin, aitortu duenez. «Erronka hauek batzuetan txantxetan hartzen ditugun gauzak dira, baina hor daude, konplikatu egiten dira eta nahiko arazo larria bilakatzen ari da gure gazteengan», aipatu du.

Etxeetan maiz bizi diren egoerei ere ez die bizkarra eman Elortzak, eta gurasoen arteko tira-birak, guraso bananduen arteko arazoak, eta honek guztiak seme alabengan dituzten eraginak ere islatzen ditu nobelak. «Gaur egun ume zein gazte askok etxeetan dituzten egoerak oso gogorrak dira, eta bai, liburua irakurtzen duzunean badirudi nahiko istorio gogorra dela, baina konturatzen zara errealitateak fikzioa gainditzen duela maiz», esan du. Seme alabak beren alde edo bestearen aurka jartzeko erabiltzea, haien hezkuntzaz behar ez bezala arduratzea… aipatu ditu. «Nork ez ditu horrelako egoerak ezagutzen?».

«Nire pertsonaien ezaugarri nagusietako bat da justifikatu egiten dutela egiten dutena, baina inoiz ez dira eleberrietan gaiztoak bezala agertzen, beti dira pertsona onak. Kristoren gauzak egiten dituzte, baina bere gurasoen heziketaren biktima direnez, irakurle bezala justifikatu egiten duzu egiten dutena», kontatu du. ‘Sara’ liburuan bezala, hemen ere gazte horiek gurasoen biktimak dira.