Naiz
Donostia

Kutxa Fundazioak bere ekipamenduak ekainean jarriko ditu martxan, muga batzuekin

Kutxa Kultur Artegunea ekainaren 2an zabalduko dute itxialdiaren aurretik inauguratu zuten Nestor Basterretxearen inguruko argazki erakusketarekin. Eureka! Zientzia Museoan muga batzuk izango diren arren, ekainaren 1ean martxan jarriko da eta Kutxa Kultura Gauak egitarau berria osatu du.

Nestor Basterretxearen inguruko erakusketa urrira arte luzatuko da. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Nestor Basterretxearen inguruko erakusketa urrira arte luzatuko da. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Euskal erakundeen artean adostutako erabakiarekin bat eginez, Kutxa Fundazioaren zentroek berriz irekiko dituzte ateak ekainean. Berrirekitze eta programazio berria mailakatua eta mugatua izango da bisita daitezkeen lekuei eta sartu ahal izango den pertsona-kopuruari dagokienez.

Kutxa Kultur Artegunea erakusketa-aretoak ekainaren 2an irekiko ditu ateak ‘Nestor Basterretxea. Argazkigintzaren bitartez’ erakusketarekin. Itxialdiaren aurretik ireki zuten baina oso bisitari gutxik gozatu ahal izan zutenez, urriaren 12ra arte luzatzea erabaki dute. Euskal artista polifazetiko honen begirada fotografikoa ezagutzeko aukera paregabea dago, Peio Agirrek komisariatutako erakusketa honen bidez.

Bestalde, Kubo-kutxa aretoak irailean ekingo dio bere jardunari, Juan Luis Goenagaren atzera begirakoarekin, Mikel Lertxundi komisario duela. Euskal margolari honen lehen atzera begirako handiak bere ibilbide osoko piezak bilduko ditu, paperean egindako lana bereziki nabarmenduz.

Osasun krisiaren ondoriozko egoerarekin, Kutxa Fundazioko Arte Sailak Jose Ramon Amondarainen atzera begirakoa 2021era atzeratzea erabaki du. Francisco Javier San Martín komisario duen erakusketa honek euskal artista garrantzitsu honen ibilbide luzea erakutsiko du ikuspegi ezberdin batetik, artista bere ibilbidearen hasieratik lantzen ari den hiru dimentsioko lana lehen planoan jarriz.

Zientzia didaktikoa

Eureka! Zientzia Museoak ere ateak irekiko ditu, eta %50eko edukiera izango du. Ordutegia, 10.00etatik 19.00etara astelehenetik ostiralera eta 11.00etatik 20.00etara asteburuetan. Museoko instalazioei dagokienez, Planetariumak eta Volta eta Darwin aretoek %30ean funtzionatuko dute; Simulagailuen aretoa itxita egongo da oraingoz; Animalia irekita, baina bisita gidaturik gabe; gune komunetan ez da animaziorik egongo, baina kafetegia zabalik izango da.

Gainera, Energia Txinpartak areto berritua, museo osoko gune erakargarrienetako bat, inauguratuko dute. Diseinu berriak museoaren ezaugarri nagusiari eusten dio, alegia, zientziarekin ikasten ondo pasatzea.

Museoan hartuko diren segurtasun-neurriei dagokienez, sarreran ilarak antolatuko dira, segurtasun-distantzia bermatzeko lurrean seinaleztatutako segurtasun-eremuekin eta leihatilak bereizita: leihatila orokorra, lehentasunezko leihatila (Museoaren Lagunak, online salmenta, dibertsitate funtzionala dutenentzat eta 70 urtetik gorakoentzat), Planetariuma (txarteldegietan aurrez tiketa erosita) eta berriz sartzeko aukera (sarrera lortuta izanik, museotik irten eta gero berriro sartu nahi dutenentzat).

Maskara nahitaezkoa izango da, museoan zehar gel hidroalkoholikoaren 12 banagailu jarriko dira, museoan etengabe egongo dira garbiketa egiten duten pertsonak, eta emakumeentzako komun bat eta gizonentzako beste bat izango dira zabalik.

Arte eszenikoen txokoa

Kutxa Kultur udaz gozatzeko prest dago. Datorren ekainaren 12tik aurrera, Kutxa Kultur Gauak programak udako gauak girotuko ditu berriro zenbait arte eszeniko eta tokiko proposamenekin Zabaltza terrazan, Tabakalerako laugarren solairuan.

Kontzertuak, dantza, antzerkia, topaketak, disko festa, dantza garaikidea, tailerrak eta instagramer eta youtuberren hitzaldiak izango dira Tabakaleran; aire zabaleko proposamen honek kasu guztietan ‘B Plana’ izango du, eguraldiak laguntzen ez badu, ekitaldia Kutxa Kultur Plazan egingo baita inolako arazorik gabe.

Segurtasun-neurriei dagokienez, edukiera 72 pertsonakoa izango da, eta aurten sarrera gorde beharko da jende-pilaketak saihesteko eraikinaren sarreran eta laugarren solairuan. Sarrera horretan edari bat sartuko da, eta aulkiak eta mahaiak jarriko dira, iritsi ahala jendea esertzeko.

Amaitzeko, Kutxa Ekogunearen Baratze Parke Sarean baratzezaintzako lursailak lortzeko aukera eskaintzen du Kutxak. Baratze edo ortua landu nahi dutenei Baratze Parke Sarean (BPS) partzela edo lursail bat lortzeko aukera emango zaie.

Gaur egun, BPS sarean honako baratze-parke hauetan daude eskuragarri lursailak libre: Azpeitian, Beasainen, Elgetan, Kutxa Ekogunean, Usurbilen eta Zegaman.

Parke horietako edozeinetan lursail bat eskuratu eta autokontsumorako barazki ekologikoak ekoitzi nahi dituenak harremanetan jarri behar du zuzenean dagokion udalarekin. Kutxa Ekoguneko Baratze Parkearen kasuan, ordea, izen-ematea online egin behar da, eta epea zabalik izango da 2020ko ekainaren 30era arte.