Nazioarteko 100 sindikalistak preso zaurgarrienen askatasunaren aldeko agiria sinatu dute

Piedad Cordoba, Adolfo Perez Esquivel, Brian Currin, Nora Cortiñas eta beste hamarnaka adituren eskutik, pasa den astean egin zen publiko ‘Covid-19a giza eskubideen afera bat da kartzeletan’ manifestuak nazioarteko ehun sindikalistaren atxikimendua jaso du dagoeneko.

NAIZ|28/05/2020
Labpresos2
Presoen aldeko LAB sindikatuaren elkarretaratzea Gasteizen. (Raul BOGAJO/FOKU)

Ehun sindikalistaren atxikimendua jaso du ‘Covid-19a giza eskubideen afera bat da kartzeletan’ manifestuak. Pasa den astean aurkeztutako idatzi horretan zehazten zen preso zaurgarrienen askatze humanitarioak bizitzak salbatuko dituela eta etorkizunean bakea eraikitzen lagunduko duela.

Izan ere, agirian jaso zuten Euskal Herriko gatazka konpontzeko prozesuak azken hamarkadetan «modu historikoan» aurrera egin duela, historiaren ibilbidea eraldatuz, eta horrek «eragin positiboa izan du milaka familia eta komunitateren bizitzetan».

«ETAk indarkeria utzi zuenetik bederatzi urte pasa dira eta bi urte erakunde bezala desegin zenetik. Hala ere, prozesu osatugabe baten aurrean gaude; izan ere, motibazio politikoko 230 preso politiko baino gehiago daudelako oraindik espetxean», salatu zuten sinatzaileek.

Horren harira, nazioarteko esperientziak irakasgai bat utzi duela nabarmendu zuten: «Bake prozesuek ez dute aurrera egiterik presoen auzia kudeatzen ez bada».

Ildo beretik, Euskal Herrian gatazkaren konponbidea sustatzeko Nazioarteko Konferentziak, Kofi Annan, Gro Harlem Brundtland, Bertie Ahern, Jonathan Powell edo Gerry Adams bezalako nazioarteko pertsona garrantzitsuak buru zituela, Gobernu espainol eta frantsesari gai honen inguruan konponbide bat bilatzeko eskatu zietela gogoratu zuten agirian.

Hala ere, sinatzaileek bertan egindako eskaerari oraindik ez zaiola erantzun salatu zuten eta, ondorioz, «amaitu gabeko prozesu baten aurrean» gaudela nabarmendu zuten, gatazka politikoa konpondu gabe baitago: «Harremanak gelditu egin dira eta oraindik ez da akordio politiko iraunkor eta jasangarririk lortu».

Prozesuak zein gizateria guztiak covid-19aren pandemiari aurre egin behar dion honetan, Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak «erakunde hau sortu zenetik egin den testik garrantzitsuena» dela esan zuela eta bakerako dei orokorra egin zuela gogoratu zuten. 

Gainera, Observatoire International des Prisons, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordea, Nazioarteko Amnistia eta Torturaren Prebentziorako eta tratu edo zigor anker edo apalesgarrirako Europako Batzordea bezalako erakundeek covid-19a espetxean dauden pertsonentzat arrisku larria dela adierazi zuela zehaztu zuten.

«Guztiek arriskuak gutxitzea eta espetxeratuen eskubide guztiak bermatzeko neurri bereziak ezartzea gomendatu dute», gaineratu zuten.

Komunitate seguruagoak

Bestalde, presondegietako koronabirus agerraldiek preso dauden pertsonei bakarrik ez dietela eragiten azaldu zuten, «espetxe seguruagoek komunitate seguruagoak ere ekartzen» baitituzte.

Hala, Michelle Bachelet Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen goi arduradunak «gobernuek presoen egoerari erantzutea» azpimarratu eta «agintariek birusarekiko bereziki zaurgarriak diren pertsonak aske uzteko modua aztertu beharko luketeela, besteak beste, preso zaharrenak eta gaixoak, bai eta arrisku gutxien duten atxilotuak ere» proposatu zuela gogoratu zuten dokumentuan.

Gogora ekarri zuten, halaber, Dunja Mijatovicek, Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisarioak estatukide guztiei dei egin diela «ahal den guztietan eta diskriminaziorik gabe espetxeratzeko dauden aukera guztiak erabiltzera».

«Benetan uste dugu Espainiako eta Frantziako gobernuek onartutako Nelson Mandela arauen arabera berehalako ekintza humanitarioa aplikatzeko ordua dela. Ezin dugu denbora galtzeko luxua onartu», gaineratu zuten.

«Neurri sendoagoak hartu»

Beraz, «presoak babestu eta Euskal Herriko bake prozesuan aurrera egin nahi badugu», neurri sendoagoak hartu behar direla azpimarratu zuten.

Horregatik guztiagatik, Gobernu espainol eta frantsesari, premiaz, neurri ausart eta eskuzabal hauek aplika ditzatela eskatu zuten.

Bereziki zaurgarriak diren euskal presoak, 60 urtetik gorakoak eta aurretik patologiak dituztenak edo gaixotasun larriak dituztenak barne, eta zigorren hiru laurdenak beteta dituzten edo baldintzapeko askatasunerako baldintzak betetzen dituzten presoak askatzea eskatu zieten.

«ETA erakundea orain bi urte desagertu izana ez errepikatzeko bermea da. Epaia bete baino lehen preso bat aske uztea garrantzi handiko erabakia dela onartzen dugu. Erabaki konplexua da edozein sistema judizialentzat, biktimen eta haien senideen sentimenduak mindu ditzakeen», azaldu zuten.

Nolanahi ere, pandemiaren testuinguruan, «ahal den neurrian langileen eta espetxeetako herritarren ongizatea eta segurtasuna ziurtatzeko, eta bakea lortze aldera, urrats egokia eta zentzuzkoa» dela uste dute.

NOTICIAS RELACIONADAS

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.