NAIZ
DONOSTIA

Chano Dominguez, Joachim Kühn eta Iñaki Salvador Donostiako Jazzaldian izango dira

Jazzaldiak berak orain aste batzuk iragarri bezala, jaialdia egoera berrira egokitutako edizio baterako prestatzen ari da baina aurreikusitako data berberetan izango da, hau da, uztailaren 22tik 26ra bitartean. Marco Mezquida eta Oreka TX mantendu dituzte eta beste nobedade batzuk erantsi, hala nola, Iñaki Salvador, Jorge Pardo edo Chano Dominguez piano jotzailea.

Iñaki Salvador, pianoan, aurtengo Jazzaldian kontzertua eskainiko du. (Andoni CANELLADA I FOKU)
Iñaki Salvador, pianoan, aurtengo Jazzaldian kontzertua eskainiko du. (Andoni CANELLADA I FOKU)

Donostiako Jazzaldia egoera berrira egokitutako edizio baterako prestatzen ari da baina, duela aste batzuk baieztatu zuen bezala, aurreikusitako data berberetan izango da: uztailaren 22tik 26ra bitartean. Antolakuntzatik adierazi dutenez, batik bat Estatu espainoleko jazza ari da programatzen, nahiz eta ostiral honetan aurreratu dutenez, Europatik musikariak ekarri ahal izateko ahalegina egingo duten «baldin eta uztailean etortzerik izango balute».   

Aurtengo Donostiako Jazzaldiaren agertokiak hauek izango dira: Trinitate Plaza, Kursaal Auditorioa, Victoria Eugenia Antzokia eta San Telmo Museoa, guztietan, eserleku izendatuekin. Behin betiko programazioaren iragarpena eta sarreren salmenta ekainaren azken aldera edo uztailaren lehen egunetan jakinaraziko dira, baina, bien bitartean, «Jazzaldia hainbat izen  berresteko moduan da Euskal Herriko zein espainiar jazzeko prestigio handieneko artisten artean», zabaldu du ohar bidez.

Aurreko programaziotik gorde direnen artean Marco Mezquida dago. Ospe handiko piano-jotzailea aurrez Donostian aurkeztutako hiru proiekturekin dator; eta Oreka TX, taldearen ikuskizun berria izango denaren aurrerapen instrumentalarekin.

Nobedadeen artean, berriz, Iñaki Salvador, Jazzaldian joaldi gehien eskaini duen musikaria eta euskal jazzaren ikur eta bandera; Jorge Pardo, Europan egiten den jazzeko saxofonista eta txirulari ospetsuenetakoa, Chano Dominguez, nazioartean son handia duen pianista; Perico Sambeat saxo altua, Frank Zapparen tributu instrumental batekin datorrena; Javier Colina, kontrabaxu-jotzailea eta musikari handia, iruindarra eta musika-sentsibilitate apartaren jabea; Josemi Carmona eta Chicuelo gitarrista flamenko handiak, beste zenbait musikari handiren eskutik –hala nola Antonio Serrano harmonika-jotzailea– jazzera sentiberatasunez eta adimenez hurbilduko direnak.

Jazzaldiaren oholtzara hainbat aldiz igo den Silvia Perez Cruz izango da berriro aurten, Tokion 2019an grabatutako bere azken diskoa aurkezteko. «Nabarmentzekoa da, era berean, Joachim Kühn pianista paregabea, duela gutxi, Ornette Coleman handiaren obra lirikoenari eskainitako piano hutsezko diskoa argitaratu duena», informatu du Jazzaldiak.