NAIZ

U12rako zerrendak; neguko ekaitzen ostean udaberriko barealdi hau

EAEn apirilaren 5eko hauteskundeak bertan behera gelditu zirela-eta, zerrenda berriak egin behar zituzten orain indar ezberdinek, baina ez da apenas aldaketarik izan. Askoren gogoan izango ez bada ere, oso liskartsua izan zen aurreko prozesu hura, bi agintariren dimisioa eraginez: Lander Martinez (Ahal Dugu) eta Alfonso Alonso (PP).

Alfonso Alonsok agur esan zuen, Genovak menderatu ostean. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Alfonso Alonsok agur esan zuen, Genovak menderatu ostean. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Zaharrak berri ekarriko dituzte hauteskunde zerrendek uztailaren 12ko hitzordurako. Izan ere, apirilaren 5etarako diseinatutako berdin-berdinak izango dira edo oso aldaketa txikiak izango dituzte.

Negu parteko ekaitz giro hura guztiz baretu da orain indar ezberdinen barruan. Pandemiak agindu duen konfinamenduak ere zerikusia izango zuen honetan.

Izan ere, atzera begiratu ezkero, gutxiren gogoan izango dira Ahal Dugu alderdian zein PPren barruan hauteskunde zerrenda hauen osatzeak eragin ziren hausturak. Bi kasuetan agintari nagusien dimisioa eragin zuten, Lander Martinez eta Alfonso Alonso hain zuzen ere.

Lehenak hautagai ofiziala zen Rosa Martinezi barruko bozketan Miren Gorrotxategi nagusitu zitzaiolako utzi zuen kargua. Alonsok, aldiz, Madrilgo zuzendaritzak bera zerrendaburu izatea babestu ez zuenean eman zuen dimisioa, Cs-rekin koalizioa inposatzeaz gain. Carlos Iturgaiz izango da, hortaz, lehendakarigaia.

Bi mugimendu gehiago utzi zituzten gorabehera haiek. Batetik, Equo Elkarrekin Ahal Dugu hautagaitzatik kanpo gelditu zen, eta bestetik PP eta Ciudadanos koalizioan bilduta ageri dira, orain arte Euskal Herrian inolako ordezkaritzarik ez duen alderdi laranjari bi legebiltzarkide eskuratzeko aukera irekiz.

EAJ, EH Bildu eta PSEren barruan, aldiz, lasai joan zen hautagaitzak zehazteko prozesua, hurrenez hurren Iñigo Urkullu, Maddalen Iriarte eta Idoia Mendia lehendakarigai hautatuz, kontrako alternatibarik agertu gabe.

Bost hautagai nagusietatik hiru emakumezkoak izango dira, 2016an gertatu bezala. Boskote honen barruan gizonezko bakarrak, Urkullu eta Iturgaiz.

Herrialdekako zerrendaburuak hauetxek izango dira. Bizkaian, Leixuri Arrizabalaga EAJren partetik, Idoia Mendia PSEkoa, Jasone Agirre EH Bildukoa, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Ahal Duguren aldetik eta Carlos Iturgaiz PP-Cs-i dagokionean.

Gipuzkoan lehiakide, Maddalen Iriarte (EH Bildu), Bakartxo Tejeria (EAJ), Eneko Andueza (PSE), David Soto (Elkarrekin Ahal Dugu) eta Muriel Larrea (PP+Cs).

Arabatik, Iñigo Urkullu izango da berriz EAJren zerrendaburua. Mikel Oterok egingo dio aurre EH Bildutik. PSEko hautagai nagusia Gloria Sanchez izango da, PP-Cs-koa Carmelo Barrio eta Elkarrekin Ahal Dugukoa Gustavo Angulo.