NAIZ

3. faseari begira murrizketak aipatu ditu berriz Nafarroako Gobernuak, aurrekoan bezalaxe

EAEk egin duen bezala, Nafarroak ere eskatu du hurrengo astelehenean deseskalatzearen 3. fasera pasatzea. Baina zenbait arlotan murrizketak egiteko aukera aipatu du, oraindik zehaztu ez direnak. Zuhurtzia handiz egin zuen jada 2. faserako jauzia.

Zenbait gazte, Garesen ibaian bainua hartzen, 2. fase honetan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Zenbait gazte, Garesen ibaian bainua hartzen, 2. fase honetan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Hego Euskal Herria oso-osorik sartuko da astelehean deseskalatzearen 3. fasean, dudarik ez dago hortaz, baina zehaztapenak ezagutzea falta da. Nafar Gobernuak astearte honetan aurreratu duenez, Osasun Ministeritzarekin harremanetan da, zenbait arlotan murrizketa bereziak jartzea komenigarri ikusten duelako. Oraindik ez ditu ezagutzera eman; daitekeena da asteazken honetako Gobernu bileraren ondoren aipatzea.

Duela bi aste 2. fasera pasatzeko eskaria egin zuenean, jada zuhur jokatu nahi izan duen Mari Chivite buru duen Gobernuak. Bezperan zonalde baten bat aurreko fasean uzteko aukera ere mahai gainean egon zen, baina azkenik herrialdea bere osotasunean aurrera egiteko planteamendua gailendu zen. Hori bai, zenbait murrizketa erantsiren bitartez areagotu nahi izan zuen birusaren aurkako babesa; erresidentzietan bisitak, adibidez, salbuespen larrien kasuetan baino ez dira baimendu 2. fase honetan.

Orain Madrilera bidalitako txostenean, edozein kasutan, pandemiaren bilakaera Nafarroan ere oso ona dela nabarmentzen da, aurreko astean lau egunetan hildakorik ez zela izan eta kutsatu gutxi-gutxi ondorioztatu dela gogora ekarriz.

1. fasea pasatzeko unean Nafarroan gaixotasunak ematen zituen zenbakiak ez ziren batere onak, baina Osasunbidean zein arlo pribatuan –eta batez ere lehen arretan– duen gaitasun handiari esker egin zuen aurrera, Fernando Simonek berak onartu zuenez.

PCR probei dagokienez, azken astean 54.778 egin dituela adierazi du Nafarroako Gobernuak. Honekin mila biztanleko proba gehien egiten duen laugarren elkarte autonomoa dela ikusarazi dio Estatuari.