Naiz

Urte luzez Euskal Irratietan jardun zuen Mattin Larzabal kazetaria zendu da

Hiru hamarkada luzez Ipar Euskal Herriko euskarazko irratietan jardun zuen Mattin Larzabal kazetaria hil da. Euskarazko kazetaritzaren erreferente den Gure Irratia sortu eta hilabete gutxitara lanean hasi zen, eta bere garapenean bidelagun izan zuen 2013an erretreta hartu zuen arte. Bere heriotzaren berri eman eta berehala egin zuen lanaren errekonozimendu anitza zabaldu da sare sozialen bitartez.  

Mattin Larzabal kazetaria ( Dani BLANCO / ARGIA)
Mattin Larzabal kazetaria ( Dani BLANCO / ARGIA)

Ipar Euskal Herriko euskarazko kazetaritzak erreferente bat galdu du. Atzo arratsaldean Ipar Euskal Herrian euskarazko irratien sorreran izan zenaren heriotza, horrela eman zuten berria Euskal Irratiek sare sozialen bitartez: «Bihozmin handiarekin jakinarazten dizuegu Gure Irratian 30 urtez lanean ari izan den Mattin Larzabal zendu dela. Lankide, eredu eta lagun zintugun, ‘Gogoko tokian, aldaparik ez’ gure uhinetan zenion bezala. Zure hitzei bide ematen segituko dugu». Mezu horrekin eman zuen albistea Gure Irratiak.

Larzabal kazetaria gaixotasun larri baten ondorioz hil zela zabaldu eta berehala, twitter bidez anitzak izan dira agur mezuak frantses zein euskarazko hedabideetako kazetarien eskutik bereziki, baina euskaltzale gisara egindako lana ere izan dute gogoan euskararen aldeko eta gizarte eragileek, bere lan eta konbikzioei ohore eginez zabaldu diren mezuak.


Hogeita hamar urtez langile izan zuen Euskal Irratietan emankizun berezia eskaini dio gaur goizean, eta berarekin lanean aritu ziren gonbidatu anitz izan ditu dira bertan. Kazetari gisara egin zuen lanari buruz lankide izan zuen Jose Aizpiruak irratiko erredaktore buruak emozio handiz «zubigile eta langile suhar» gisara definitu du, eta Ipar Euskal Herrian euskarazko irratiak sortu eta garatzeko egin zutenekin batera, omenaldia mereziko lukeal gaineratu du.

‘Herria’ astekariako kolaboratzaile izan zen urte luzez, baita erretreta hartu ondoren ere, non ‘Munduko kronikak’ atala egiten zuen. Lagun ere bazuen Peio Jorajuriak, aldizkariko zuzendari ohiak «adiskide, lankide lehiala» gisara definitu du. Euskaraz osorik Ipar Euskal Herrian den agerkari bakarran egin kolaborazioek ere, konbikzioekin egiten zuen bat, eta eremu horretan egindako ekarpena omentzeko, 2012an bere ibilbideagatik Rikardo Arregi Kazetaritzaren ohorezko aipamena jaso zuen.

Kazetari sutsu eta euskaltzalea

Lehendik ere euskararen aldeko lan eskerga egina zuen hainbat elkartetan. Euskarazko hezkuntzaren aldeko Mendeberri, edo euskal ondarearen hedapena eta babesa sustatzen duen Lauburu elkarteek kide izan zuten.

Giristino fededuna ere bazen, eta eremu horretan ere bere kazetari sena lagun izan zuela ere erraten ahal da, ‘Fedea eta kultura’ webgunean egiten zituen kolaborazioen bidez. Idatzi zuen azken iritzi artikuluetako batean, kuttun zituen giristino sentimendua eta euskara elkartu zituen.

Erretretan partitu arte Euskal Irratietan egin zuen lan, eta karia horretara elkarrizketa egin zioten, bertan orain federazioaren parte den Gure Irratian egin zuen lanari buruz, zituen oroitzapen goxoak agertu zituen. France Bleu Pays Basque irrati publikoan kazetari den Oihana Larzabal alabarekin mintzatu zen uhinetan orduan, eta azken honek aitak erakutsi zuen bidea ohoratu zuen.