NAIZ

Elkarretaratzea bihar Zarautzen, abenduan gertatutako sexu gehiegikeria batzuen harira

Udaleko talde guztiek bat egin dute ostegun honetan 20.00etan Zarautzen deitu den elkarretaratzearekin, abenduan izandako eraso matxista bat salatzeko asmoz.

‘Eraso sexistarik ez! Inpunitaterik ez!’ lelopean elkarretaratzea deitu dute ostegun honetarako Zarautzen. Abenduan gertatu ziren orain, konfinamendu garaia eta beste hainbat gorabehera tarteko, kalean salatuko diren sexu gehiegikeriak, pandemiak behartutako segurtasun neurriak betez. ‘Zarauzko Hitza’k eman du honen berri egun hauetan, bertsio eta adierazpen ezberdinak jasoz.

Salaketa Arrano Tabernan lanean ari zen neska batek egina da, ezker abertzaleko kide baten aurka. Danda Gazte Asanbladaren eskutik zabaldu da bereziki. Gizonezkoak «jarrera itogarria» izan zuela adierazi dute, bai eta sexu gehiegikeria egin ziola ere. Honezaz gain, Arrano Batzordeari zein Sorturi «erantzun egokirik» eman ez izana leporatu diote.

Hedabide berdinean argitaratutako idatzi batean bi hauek zehaztu dutenez, gertatutakoa beti «larri»tzat hartu dute eta eraso matxistei dagokien barne protokoloa aktibatzea ekarri zuen; abian da oraindik. Orain arte honen berri eman ez izanak erasoa jasan zuen emakumezkoaren borondatearekin lotzen dute. Ostegun honetako elkarretaratzean parte hartzeko gonbita egiten dute, hauxe erantsiz: «Susmagarria bezain larria iruditzen zaigu hainbatek Arrano Elkartearen eta ezker abertzalearen izena eta izana zikintzeko gertaera hau baliatu izana; tartean gezurrak erabili baitira. Onartezina da inork ezker abertzaleak eta Arranok gai honekiko duten konpromisoa eta irmotasuna zalantzan jartzea».