Haritz LARRAÑAGA

Itxialdiaren ostean laborantza proiektu berriak Ipar Euskal Herrian

Biriatu, Irisarri eta Lekorneko 8 baratzezainek bat egin dute landare biologikoak ekoitziko dituen tailer kolektibo bat martxan jartzeko. Bi helburu nagusi ditu egitasmoak: batetik, bezeroei irakastea eta, bestetik, produktuen lanketa  prozesuan ahalik eta autonomia handiena eskuratzea. Egitasmoa gauzatzeko diru bilketa egingo dute.

Lekorneko Garroa eremuan garatuko dute proiektua baratzezainek. (DR)
Lekorneko Garroa eremuan garatuko dute proiektua baratzezainek. (DR)

Landare ekologikoak landatu eta bezero zein ikasleentzat heziketa tailerrak eskainiko dituen gunea eremu berezi batean kokatuko da, hau da, laborantza biologiko eta iraunkorra sustatzeko SCIC etxalde kooperatibak Lekornen dituen Garroko lur eremuetan. Ordea, oraindik egitasmoa gauzatzeko behar duten diruaren zati bat eskuratzea falta zaie, eta orretarako, diru bilketa kanpaina bat abiatu dute.

Osasun krisiaren eraginez azken hilabeteetan itxialdian egon ostean, haien bezero batzuk etxean baratzezaintzan hasi direla ohartu dira lau etxaldeetan lan egiten duten 8 nekazariak eta bezeroei etxean ekoizten laguntzeko tailerrak eskaintzea otu zitzaien. Lehendik ere haien artean bazuten harremana, baratzezaintzan aritzeko kanpoan erosi behar dituzten gai batzuk elkarrekin erosten baitzituzten. 

Hain zuzen ere, hori da egitasmo berritzaile honek duen helburu nagusia, alegia, kanpotik (sarri urrundik) ekarri behar dituzten landareak bertan ekoiztea. «Itxialdian gauza batzuk oso nabarmen sentitu ditugu, adibidez, gure barazkiak eskuratzeko kate horretan zerbait falta bada, prozesu guztia hankaz gora joaten da, beraz kanpotik ekarri behar ditugun landareak guk geuk ekoizteak arrisku hori murriztu eta autonomoagoak izaten lagunduko du», azaldu du Biriatuko Patrick Larrondok, egitasmoan parte hartzen duen nekazarietako batek.

Azken xedea, beraz, egitasmoaren sustatzaileek urte osoan zehar lantzen dituzten 30 barazki mota desberdinak eskuratzeko bitarteko guztiak eskura izatea da. Bigarren fase batean bezeroek ere haien etxeko baratzetan barazkiak landa ditzaten landareak ekoizteko asmoa dute, baina lehenik urtean zehar eskaintzen dituzten barazkiak eskuratzeko landareak ekoiztea da helburua eta Larrondok aitortzen duenez ez da erraza izango, zeren «lehen urtea da eta gauza batzuetan asmatuko dugu eta besteetan peto egingo dugu».

Elkartu diren baratzezain guztiek badute ezaugarri bat. Haien mozkinak saltzeko salmenta sarea lekukoa da, hau da, 40 kilometro inguruko zirkuitu laburrean saltzen dituzte sasoiko letxuga, tomate, kalabazin, aza, piper eta gainerako barazkiak.

Diru laguntza kanpaina 

Egitasmoa gauzatzeko 80.000 euro behar dituzte nekazariek, negutegia eraiki eta bestelako tresneria erosteko. Gainera, eremua lantzeko eta kudeatzeko langile baten beharra izango da.

Jada diruaren zati handi bat bildu dute, baina oraindik 20.000 euro behar dituztenez borondatezko diru laguntza kanpaina bat jarri dute martxan. Garro kooperatibaren webgunean egin daiteke ekarpena.