Altsasuko gazteen aldeko mobilizazioei berrekingo diete preso 1.300 egun bete dituztenean

Injustiziak indarrean dirauela salatzeko, asteburuan zehar euren aldeko materiala janzteko edo balkoi eta kaleetan erakusteko deia luzatu dute Altsasu Gurasoak-ek eta Altsasukoak Askek.

NAIZ|05/06/2020
Altsasu
Gaurko kontzentrazioa Altsasun, bertako gazteak 1.300 egun kartzelan bete dituztela. (@AsierBeramendi)

Koronabirusak eragindako egoerak behartuta etendako Altsasuko gazteen aldeko mobilizazioei berrekingo zaie gaur ostiralean –ohi bezala, arratsaldeko 20.00etan udaletxe aurrean–, beharrezko osasun neurriak errespetatuz, Adur Ramirez de Aldak, Jokin Unamunok eta Oihan Arnanzek euren presoaldiko 1300. eguna beteko duten honetan. Ekainaren 5 honek ere badu beste efemeride bat, gaur bertan bi urte bete baitira lau gazte bigarren aldiz atxilotu zituztenetik.

Honen harira idatzi bat kaleratu dute Altsasu Gurasoak/Altsasukoak Aske plataformakoek eta, bertan gazte hauen egoeraren berri ematen dute. «Pasa den urrian Auzitegi Gorenaren sententzia injustua berretsi zenetik, gure semeek zigorra ahalik eta baldintza humanoenetan bete dezaten saiatzen ari gara, baita espetxe-erregimenaren progresioa azkartu dadin ahalegintzen ere. Teknikoki, Jokinek, Oihanek eta Adurrek hirugarren gradua eta horri dagozkion baimenak lor litzakete aurki. Horrek azken hiru urte eta erdietan eragindako sufrimendua arinduko luke hein batean, baina ez luke haien eta gure gainerako semeen aurka egindako aberrazio juridikoa konponduko. Jonanek eta Julenek, bestalde, bigarren graduan jarraitzen dute eta oraingoz ez da haien egoeran aldaketarik aurreikusten», azaltzen dute.

«Aratzi eta Iñakiri dagokionez, pasa den abenduaz geroztik hirugarren graduan daude. Egun, zigorra kontrol telematikoaz betetzen ari dira eta ordu jakinetan etxean egon beharra daukate. Gaur egungo testingurua ikusita, borondate pixka batekin, bide hau gure beste semeei zabaltzea posible litzatekeela uste dugu. Ez litzateke kondena bukatuko, baina beraien bizimodua berreskuratzeko aukera izango lukete», gaineratu dute.

Isolamendua handitu

Altsasuko gurasoen esanetan, Covid 19ak are gogorragoa egin du euren semeen presoaldia. «Hain toki zaurgarria den horretan, ziurgabetasuna, beldurra eta sufrimendua eragin dizkie preso guztiei zein haien lagun eta familiei: isolamendua handitu egin da, komunikazioak eten, baimenak izoztu, preso gaixoak eta adinduak egoera penagarrian daude… Horren aurrean, manifestu baten bultzatzaile gara eta beste hainbat eragilerekin batera aurrera eramaten ari garen dinamika (#SOSpresoakCOVID19) aldarrikatu eta gogorarazi nahi dugu. Logika, eskubide eta gizatasun kontua da, besterik ez».

Oharrean osasun krisi honetan gertukoren bat galdu edo krisiaren ondorio ekonomiko zein sozialak pairatu dituzten guztiei elkartasuna adierazten diete eta «injustiziak dirauela eta Adurrek, Jokinek eta Oihanek kartzelan bete dituzten 1.300 egunak salatzeko, gure materiala (kamisetak, banderolak…) duen oro asteburu honetan janztera eta balkoi zein kaleetan erakustera animatzen dugu».

«Labur esanda: egunak aurrera doaz eta orain dela urte bat aberrazioa zena, gaur are aberrazio handiagoa da. Hori dela eta, gaur justizia aldarrikatzen eta gure semeen askatasuna eskatzen jarraitzeko arrazoi gehiago dago. Gure semeen etorkizunagatik, eta gizarte justuago batengatik», aldarrikatu dute.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Iñigo URIZ/FOKU
Loading player...


Huntza taldeak Durangoko Plateruenan emandako NAIZ Kontzertuaren unerik onenak.