naiz

EAMk salatu du Donostian errefus gisa hartzen den hondakinaren %80 birziklagarria dela

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak protesta egin du Donostiako udaletxearen aurrean, salatzeko Donostia dela oraindik ere Gipuzkoan pertsonako zabor gehien sortzen duen hiria eta, halaber, pertsonako gutxien birziklatzen duena.

EAMk Donostiako udaletxearen parean ostiralean egin duen protesta. (EAM)
EAMk Donostiako udaletxearen parean ostiralean egin duen protesta. (EAM)

Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela eta mobilizatu da kolektiboa, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren datuak arakatu ostean ondu duten txostena aurkeztu du. «Zaborretara botatzen den hondakinen %80 birziklagarria da eta erraustegia elikatzeko baliatu nahi dute drama hau», gaitzetsi dute.

Ostiralean egindako protestan, EAM Donostiako Udalari zuzendu zaio adieraziz «lotsagarria» dela klima aldaketaren aurka dagoela esan eta aldi berean Gipuzkoan pertsonako zabor gehien sortzen duen hiria izatea eta, gainera, erraustegiaren proiektuak martxan jarraitzea.

Gipuzkoako hiriburuan hondakinen %42 bildu zen bereizita iaz, eta hori «oso gutxi da» mugimenduko kideen ustez. Aldi berean, errefusaren edukiontzietan pertsonako288 kilo bildu ziren, Gipuzkoako batez bestekoa 186 kilo denean.

Argitu dute, halaber, Gipuzkoako errefusaren %40 Donostian bildu zela iaz, «non eta Gipuzkoako herritarren laurdena bizi den hirian».

Kontuan hartuz gero batzuek fin biltzen dutela organikoa, kalkulatu nahi dutena egiten dutenak zertan ari diren. Beste datu bat: azken bost urteetan (2015-2019), Gipuzkoan bildutako hondakin organiko kopurua %40 igo da, eta Donostian %6 besterik ez.

EAMk argitu du Gipuzkoan iaz 138.000 tona hondakin jaso zirela errefusa balira bezala, baina egiaz, hauetatik 110.000 tona birziklagarriak zirela, ia %80a. «Donostian, errefusaren poltsan doan %80 birziklagarria da, eta hori drama bat da», diote, eta hori baimendu duten agintarien «arduragabekeria» gaitzetsi dute.

«Horrek esan nahi du –dio EAMk–, Eneko Goiaren Donostian biztanleko eta urteko 100 kilo organiko baino gehiago ari direla errefusaren edukiontzira botatzen». Bestalde, esan dute azken bost urteetan (2015-2019), Gipuzkoan bildutako hondakin organiko kopurua %40 igo dela, eta Donostian %6 besterik ez.

Aldundiaren informaziotik tiraka, EAMk ondorioztatu du iaz Gipuzkoan sortutako 63.000 tona organiko edo bio-hondakin, bildutako hondakin guztiaren %53, errefusa bezala bildu zela, eta erdia baino gutxiago (%47) jaso zela bereizita.

«Errefusean nahastuta bildu ziren 94.480 tona aurrez aipatu ditugun organikoa, papera, ontzi arinak eta beira ziren», adierazi du EAMk landu duen txostenean.

«Bi abiadurako Donostia»

Hondakinen bilketari dagokionez, «bi abiadurako Gipuzkoaren argazkia» identifikatu du EAMk. Batetik, gaikako bilketan %50aren inguruan dabiltzanak (Sanmarko, Txingudi eta Debabarrena) eta, bestetik, hondakinen %70 inguru gaika jasotzen dituztenak (Debagoiena, Sasieta, Tolosaldea, Urola Kosta eta Urola Erdia). Aldea «itzela» dela diote, eta salatu dute Donostia dela gutxien birziklatzen duen hiria Gipuzkoan.

Hala eta guztiz, aipatu dute azken hamarkadan hainbat udalerritan gaikako bilketaren emaitzek hobera egin dutela. 2009tik 2019ra, Gipuzkoan, bereziki %70 inguru gaika biltzen duten udalerri horiei esker, errefusa kopurua 100.000 tona murriztu da, 238.000 tonatik 138.000 tonara, 329 kilo/pertsona izatetik, 186 kilo/pertsona izatera pasatu da.

«2015-2019 legealdian udalerri guztiek ez dute berdin jokatu hiri hondakinen kudeaketari dagokionez. Garrantzitsuenen artean, Orereta salbu, besteak ez dira mugitu, hau da, bilketa sistema berdina mantendu dute eta kanpaina xumeren batzuk egitera mugatu dira. Noski, gaikako bilketa ez dute hobetu. Hauen artean, Donostia, Irun, Hondarribia eta Lasarte-Oria daude», salatu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak.

«Gardentasunaren eta ekonomia zirkularraren mesedetan, beharrezkoa ikusten dugu, urtero, bilketaren emaitzen zenbakiekin batera, errefusa hondakinaren kalitatearen bilakaera markatuko duen karakterizazio bat egin eta horren emaitza argitaratzea. Zertan eta zenbat daukagun hobetzeko jakiteko, beharrezko datua baita», aldarrikatu du.