NAIZ

Haftar mariskalak Tripoliko gerra galdu duela onartu du

Libiako hiriburua eta inguruak baino ez zitzaizkion falta Haftar mariskalari herrialde osoa kontrolpean hartzeko. Urte luze bateko setio eta aire-erasoen ondoren bere indarrak ihesean dira orain, Turkiaren babesarekin GNA Tripoliko Exekutiboak aurrera daraman erasoalditik ihesi.

Herritarrak setioaren amaiera txalotzen Tripolin. ( Mahmud TURKIA-AFP)
Herritarrak setioaren amaiera txalotzen Tripolin. ( Mahmud TURKIA-AFP)

Jalifa Haftar mariskalaren indarrek Tripolitik kanpora «zabaldu» direla onartu dute, bere etsaiek liskar gogorren ondoren Libiako hiriburua eta inguruak guztiz berreskuratu dituztela iragarri ostean.

Atzo Tripoliko hiri-aglomerazio guztia (mendebaldea) kontrolpean hartu zuela iragarri zuen Batasun Nazionalaren Gobernuak (GNA), Libiako ekialdeko agintari militarra den Haftarrentzat ¿azken? jipoia.
 
«Gure indarrak Tripolitik kanpo zabalduko ditugu, baina beste aldeak su etena errespetatzen badu. Bestela, erasotzeari berrekingo diogu eta negoziazio mahaitik altxatuko gara», ohartarazi du Ahmad al-Mesmarik mariskalaren bozeramaleak.

Izan ere, Haftarren indarrak Nazio Batuen Erakundeak (NBE) proposatu duen negoziazioan parte hartzeko prest azaldu dira. «Libiako herriaren odol jarioa eten behar da eta horretarako ekimen humanitarioak ongi etorriak dira», azaldu du  Al-Mesmarik.

Negoziazio mahai horrek bi aldeEtako bosna kide eseriko ditu Genevan batzorde militar batean. Helburua su eten iraunkor bat lortzea da. Orain arteko saiakera guztiek porrot egin dute.

Zalapartaka ihesean

GNAko bozeramaleak, Mohamed Gununuk, bere indarrek Ain Zara, Qasir Benghashir eta Uadi Rabea herriak, Tripolitik hegoaldera, berreskuratu dituztela iragarri du

Internetera igotako bideoetan Haftarren tropak hiriburutik 80 kilometrotara duten azken gotorlekura, Tarhouna hirira, ihesean ikus daitezke. Bitartean, mariskalaren komandanteek Bani Walideko aireportura ihes egin dute, 170 kilometro ekialderuntz.

Joan den asteazkenean GNAko indarrek 2014tik zerbitzutik kanpo dagoen Tripoliko nazioarteko aireportua hartu zuten eta dagoeneko Tarhounara bidean dira.

GNAko lehen ministroak, Fayez al-Sarrajek, Libia guztia berreskuratzeko asmoa agertu du, bere aliatua den eta bere garaipen militarra ahalbideratu duen Recep Tayip Erdogan Turkiako presidenteari egin dion bisitan.

«Gure borroka ez da amaitu eta etsaia garaitu arte, aberri osoan Estatuaren kontrola ezarri arte, eta Libia Estatu zibil, demokratiko eta modernoa bihurtu dadin nahi ez duten guztiak suntsitu arte jarraituko du», ohartarazi du harro, harroegi agian, Ankaran.