Izkander Fernandez

Zeinen ederra izan den Zetak-en NAIZ Kontzertua

NAIZ Kontzertuak ekimenak aurrera jarraitzen du. Baita gure komunitatea bidaltzen ari den batasun mezua. Gure publikoaren, gure taldeen, gure teknikarien eta gure aretoen arteko elkartasun sarea indarberritzen jarraitzen dugu. Gure musika duela hiru hilabete gure lurraldera iritsi zen birusaren trantze madarikatutik indartuta ateratzeko balioko du sare horrek. Musikak eskaini diguna musikari itzultzeko balioko du. Horrela, hirugarren kontzertu honek 3.250 pantaila izan ditu zain, gure herriko etxe, taberna eta plazen artean banatuta.

Zetak taldearen kontzertua. (Jon URBE / FOKU)
Zetak taldearen kontzertua. (Jon URBE / FOKU)

NAIZ Kontzertuak ekimenak bere erdibide berezia gainditu du gaur gauean, Zetak talde nafarrak eskainitako kontzertuarekin. Gatiburen lehen kontzertuko profesionaltasuna eta feeling ona eta Nøgenen zintzotasuna eta hunkiberatasuna bigarren gaueko emanaldiaren ostean, Pello Reparazen taldearen ausardia eta harrokeria ziren ostiral gaueko pizgarri nagusiak. Reparaz, azkenaldian, dinamismoaren eta harriduraren maitale urduria izateagatik nabarmendu izan da.

Betiko, hasierako, momentu berezia heldu da. Teklatuak ikusi eta entzun ditugu, Gorka Pastorrek Tangerine Dream taldeko sintetizadore inorganikoak emulatu ditu segundu batzuetan zehar. Eta jarraian, bagenekien, ze horrela ezagutarazi zuten ‘Bigarren Kafea’ saiokoek asteazkenean Pello Reparazri egindako elkarrizketan, Jon Maiaren hitzak entzun ditugu. Kontraliturgiaren kutsuak nagusi izan dira bertsolariak oholtzatik botatako esaldietan.

Ongi etorria eman digu «Gorputz sailkatu ezinei eta lehenengo eta bigarren aukerei, desberdinen erresumara». Gaur gaueko emanaldian «ezberdintasunentzako lekurik ez dagoelako. Gaur, zu zaudelako eta nahi zarena izango zarelako. Orain guztiak gara Adam/Eva», esan du Maiak. Eta jarraian, ‘Errepidean’ abestiaren lerro batzuk entzun eta gero hasi da emanaldia ‘Zertan ari gara’ kantarekin. Argi eta ilunen, zuria eta beltzen arteko borroka izango zela argi geratu da kontzertuaren lehenengo uneetan. Reparazen lehenengo hitzen ondoren ‘Nirekin topatu naiz’ abestiaren txanda izan da. Pello gehiago mugitzen hasi da, jaka kendu eta alkondaran gelditu da. Geroago arropa soberan izan du.

‘Kaliza hau’ aurkako zeremonia bereziarekin aurrera jarraitu du. Harritzekoa da agian eskaintza bereziena egiten duen taldearen kontzertuak aurkezpen eta kokapen estandarrena izatea. Taldea agertokiaren gainean agertu da, bere lekuan. Eta publikoa berean. Alde horretatik ez du berritasunik eduki gaurko kontzertuak. Baina Zetakekoek ez dute gauza handirik behar. Nahiz eta diskoan popari lar erantzita dauden kantak eskaini, zuzenean eskaintza askoz goxoagoa eta aberatsa dute.

Maia bigarrenez agertu da Sanagustin Kulturguneko oholtzan liturgia ilunarekin jarraitzeko. «Gizaki berri bat jaiotzen da gaur, zu. Plazerrak ez du etenik», azpimarratu du Maiak eta, jarraian, ‘Sagarra’ kanta entzun dugu.

Gaurko kontzertua etxetik ikusi ahal izatea aukera paregabea izan da. Ekipo on batekin, grabeak ondo markatuta, edo entzungailu dezente batzuekin, bertan bagina bezala sentitu ahal izan dugulako gaurko kontzertua. Momentu berezia bizi izan dugu Reparazek bateria hartu duenean abesti intrumental bat jotzeko. Erritmoa nagusi. Eta ‘Su’ ondoren, sintetizadore misteriotsu eta Maia gehiago: «Zatoz gaueko egunsentiaren argia. Gutariko bakoitza argi bat da. Itzaltzen utziko ez dugun argia. Beti egonen da kantu bat iluntasunean», esan du Maiak ‘Argitan’ kantari oina emanez. ‘Argitan’ eta ‘Nirekin topatu naiz’ abestiek Kerobiaren doinuak ekartzen dituzte burura, kutsu polita, nahiz eta idazten duenaren labainkada bat baino ez bada ere. Ondoren, Chemical Brothers talde mitikoaren ‘Hey boy, Hey Girl’ abestiaren bertsioa entzuteko aukera izan dugu.

Zetak estilo trebeko ariketa garbia da, harridura eta probokazioarekin oso ondo jokatzen duena. Gure eszena txikiaren birika sortzaileak arnastea ahalbidetzen duen ezusteko polit horietako bat dira Zetakeko kideak. Zetak taldearen apustua ezberdinak, arraroak, ausartak izatea da. Horretarako, taldeak, poparen zerbitzura dagoen elektronika eskaintza bat formulatzen du, eta ez elektronikaren zerbitzura dagoen popa. Horri esker, Reparazek, konposatzerakoan, bere estiloa Zetaken unibertsora aplikatzeko aukera guztiak ditu, nahiz eta ingurunea guztiz ez kontrolatu. Izan ere, Zetak taldearen lehen diskoa osatzen duten abestiak poparen inguruan mugitzen dira. Are gehiago, kantak poparen menpe daude. Hori guztia karga melodiko garrantzitsu baten eta letren ariketa literario on baten bidez egiten dute, musika dotorea sortuz.

‘Susiri bi’-k gaueko jai giroa suspertu du. Drum and bass-eko pasarte garbia eta polita eskaini dute kantaren amaiera hunkigarriaren aurretik. Pello Reparaz gaur egun bizi dugun beldurraren inguruan aritu da, «beldurrarekin ez goaz inora, ez pertsona ez herri bezala», esan du Reparazek eta aurrerapausoen beharra azpimarratu du: «Musika elektronikoa da gure aurrerapausoa», nabarmendu du.

‘Pater Noster’ potente baten ostean, Jon Maia, gaueko abade iluna, berriro agertu da gure irudietan ‘Zeinen ederra izango den’ aurkezteko. Konfinamendu gordinean argitaratutako kanta tunel ilunaren amaiera bezala aurkeztu du Maiak eta, nolabait, baltsamo eder baten itxura hartu du Sanagustineko oholtzan. Uneak aproposa ematen zuen eta horrela aprobetxatu du Reparazek bere gurasoak euren urteurrenean zoriontzeko: «Bizitzan tokatu ahal zaizun aita eta amarik onenak zarete», esan die.

Zetak taldearen kontzertuaren amaiera ‘Errepidean’ abestiaren eskutik etorri da. Belaunaldi baten ereserkia bilakatu daitekeen kanta eta rockaren gai klasikoak modu tangentzialean jorratzen duen konposizioa nahiz eta Zetakekoek rockik egiten ez duten arren. Errepidea, askatasuna, uda eta oroitzapenak abesti ausart eta adiktibo baten protagonista nagusiak dira. ‘Errepidean’ gure historia hurbileko hit freskoenetako bat bihurtu da azken hilabeteetan.

Hurrengoa, Huntza

NAIZ Kontzertuak ekimenaren hirugarren emanaldia joan zaigu iadanik. Hurrengo astean Huntzaren txanda izango da. Erromeria eta pop doinuak talde profesional eta gazte baten eskutik.