Nagore BELASTEGI

Euskal ipuin eta poemen antologia bana osatu dute Ibon Egañak eta Juanjo Olasagarrek

Ibon Egañak 25 idazleren ipuin bana jaso ditu ‘Eskuko ekipajea. Euskal ipuin modernoaren antologia (1963-2018)’ liburuan. Juanjo Olasagarrek, berriz, 40 idazle ingururen poemak txertatu ditu ‘Bideko hitza. Euskal poema modernoen antologia (1951-2019)’ argitalpenean.

Juanjo Olasagarre eta Ibon Egaña gaur goizean, Donostian. (Jon URBE / FOKU)
Juanjo Olasagarre eta Ibon Egaña gaur goizean, Donostian. (Jon URBE / FOKU)

Alai argitaletxeak Hautak bildumaren bi liburu aurkeztu ditu gaur goizean Donostian. Honakoak antologiak dira, batxilergoko ikasleei zuzendutakoak, euren artean euskal literatura sustatzeko asmoarekin.

‘Eskuko ekipajea. Euskal ipuin modernoaren antologia (1963-2018)’ Ibon Egañak sortu du, eta ‘Bideko hitza. Euskal poema modernoen antologia (1951-2019)’, berriz, Juango Olasagarrrek.

Egañak azaldu digu berarentzat ipuinen antologia egitea memoria ariketa bat izan dela. «Aspaldiko ipuinak berrirakurri eta oroitu, eta berriagoak direnetara itzuli behar izan dut. Bilduma honen helburuetako bat da testu esanguratsuenak ikasleei gerturatzea, alegia, kanonikoak diren testuak biltzea», esan du.

Baina kanonak batzuetan zalantzan jarri behar direla uste du idazleak. «Posizio ideologiko batetik osatzen da kanona; normalean gizon zuri heteroak izaten dira kanon horietan, eta hori zalantzan jartzea garrantzitsua da. Baina aldi berean konpartitutako ondareaz ari bagara, garrantzitsua da testu batzuk berreskuratzea», adierazi du.

Izenburuari dagokionez, ‘Eskuko ekipajea’ Harkaitz Canoren aipu batetan oinarrituz aukeratu zuela esan du. Izan ere, Canok adierazitakoaren arabera, nobelagile bati maleta bat prestatzeko eskatzen badiozu, etxe aldaketa bat egiteko zorian egongo balitz prestatuko du. Ipuinguleak, berriz, beharrezkoa dena soilik sartuko du maletan. «Ipuinaren definizio polita iruditu zitzaidan, hori delako gakoa: soberan ezer ez izatea, intentsitatea izatea».

Azken hamarkadetan ipuin asko idatzi dituzte euskal idazleek, eta horien artean aukeraketa egitea kostatu egin zaion arren, 25 hautatu ditu, garai, estilo eta gai desberdinekoak. Egile bakoitzeko ipuin bat aukeratu du, eta kronologikoki beharrean, lau kapitulotan banatu ditu irakurketa errazteko.

Olasagarrek, berriz, belaunaldiak kontuan hartuta antolatu ditu 40 idazle ingururen poemak (bina testu aukeratu ditu gehienetan, batzuen kasuan bakarra izan den arren). «Euskal literaturak badu arazo bat irakaskuntzan, literatura oso gutxi lantzen dela. Eta ez dut esaten idazleen izenak ezagutzea, baizik eta irakurtzea eta testuak ulertzea eta gozatzea, ezaugarriak bilatzea eta, bide batez, idazleari buruz zer edo zer jakitea», aipatu du lanbidez itzultzailea den Olasagarrek.

Poemen aukeraketa egiterakoan bere irizpidea, kalitateaz gain, ulertzeko errazak izatea eta gazteei transmititzeko ahalmena izatea izan da. Hala, poema musikatuak edo umoretsuak lehenetsi ditu. «Beharbada diglosiagatik, euskararen egoeragatik, D ereduaren irakaskuntzagatik… ez dugu lortzen gazteei transmititzea gugan sortu zuten lilura», iritzi dio. Hori da bere xede nagusia.