NAIZ

Arabak prest du bere Herriarteko Txapelketa uztailean jokatzeko

Udaberrian koronabirusaren erruz bertan behera gelditu ostean, Arabako Federazioak Herriarteko Txapelketa jokatzea erabaki du uztailean bada ere. Zazpi herrik hartuko dute parte gizonezkoen eskuzko torneoan, eta hiru lehiatuko dira gomazko paletan, gizonezko nahiz emakumezkoetan.

Iaz Gasteizen jokatu zen finaleko irudia (Endika PORTILLO / FOKU)
Iaz Gasteizen jokatu zen finaleko irudia (Endika PORTILLO / FOKU)

Gaur aurkeztu dute Gasteizen Arabako Herriarteko Txapelketa. Udaberrian koronabirusaren erruz bertan behera gelditu ostean, Arabako Federazioak jokatzea erabaki du, uztailean bada ere. Gainera, kontuan izan behar da 50. edizioa dela aurtengoa.

Gizonezkoen eskuzko torneoari dagokionez, zazpi herrik hartuko dute parte bi multzotan banatuta. A multzoan Guardia, Gasteiz eta Zigoitia daude, eta B multzoan laudio, Aramaio, Amurrio eta Agurain.

Ligaxkako hiru jardunaldiak uztailak 4-5, uztailak 9 eta uztailak 11-12 egunetan jokatuko dira. B multzoko lehen sailkatua zuzenean sartuko da finalerdietan, eta besteek final-laurdenetako kanporaketa jokatu beharko dute uztailaren 18 eta 19an.

Finalerdiak uztailaren 25ean jokatuko dira, Santio egunean, eta finalak uztailaren 31an, San Inazio egunean, Aretan.

Gomazko paletari dagokionez, emakumezkoetan Urkabustaitz, Amurrio eta Gasteiz neurtuko dira, eta gizonezkoetan Laudio, Gasteiz eta Legutio. Ligaxkako jardunaldiak uztailak 11 (Abetxuko), 18 (Amurrio) eta 25ean (Areta) jokatuko dira, eta finalak uztailaren 31ean zehaztu gabeko pilotaleku batean.

Printzipioz, eta azken orduko aldaketarik ez bada, beste herrialdeetan ez da jokatuko Herriarteko Txapelketa.