NAIZ

Ekainak 2.060 langabe gehiago utzi ditu Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda

Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerio espainiarrak ostegun honetan jakitera eman dituen datuen arabera, guztira 184.912 pertsona daude Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako enplegu bulegoetan izena emanda. Maiatzeko datuekiko, Nafarroan soilik jaitsi da tasa (-%1,6) eta, aldiz, gora egin du Araban (+%2,36), Gipuzkoan (+%2,14) eta Bizkaian (+%1,70). 

Zerbitzuen sektorea da, berriz ere, enplegu galeraren buru. (Iñigo URIZ/FOKU)
Zerbitzuen sektorea da, berriz ere, enplegu galeraren buru. (Iñigo URIZ/FOKU)

Langabezia erregistratuak gora egin du ekainean Hego Euskal Herrian, aurreko hilabetean baino 2.060 pertsona gehiago baitaude enplegu bulegoetan izena emanda (184.912 dira guztira), baina portaera desberdina izan da herrialdearen arabera. 

Nafarroan, behera egin du langabezia erregistratuak, 673 langabe gutxiago zenbatu dituztelako ekainean, aurreko hilabetean baino %1,6 gutxiago.

2019ko ekainarekin alderatuta, 10.088 langabe gehiago zenbatu dituzte herrialde honetan, %33,21 gehiago.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, gora

Euskal Autonomia Erkidegoan enplegu-zerbitzu publikoetako bulegoetan erregistratutako langabeen kopurua 2.733 pertsonatan igo da ekainean, aurreko hilabetearekin alderatuta (+% 1,93). 2019ko ekainarekin alderatuta, langabezia 33.105 pertsonatan hazi da EAEn, hau da, % 29,73 hazi da urtetik urtera.

Bizkaian 1.351 langabe gehiago daude aurreko hilabetearekin alderatuta (+%1,70) eta 17.054 gehiago 2019ko ekainarekin alderatuta (+%26,68). Guztira, 80.967 pertsona daude Bizkaiko enplegu bulegoetan izena emanda.

Gipuzkoan, ekainean, 821 langabe gehiago zenbatu zituzten (+%2,14), aurreko hilabetearekin alderatuta; beraz, 39.138 dira herrialde honetan langabezian daudenak. Aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta, 10.341 langabe gehiago daude iazko hilabete berarekin alderatuta (+%35,91).

Araban, 561 langabe gehiago zenbatu dituzte (+%2,36) ekainean, maiatzarekin alderatuta, eta 5.710 gehiago aurreko urtearekin alderatuta (+%30,64). Lurralde honetan 24.343 langabe daude.

Espainiako Estatuari dagokionez, 5.107 pertsona gehiagok eman dute izena ekainean enplegu zerbitzu publikoan; beraz, 3.862.883 dira guztira langabeak, 2016ko maiatzetik kopururik altuena.

Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak azpimarratu duenez, ekaineko datuek erakusten dute langabeziaren hazkunde erritmoak maiatzean hasi zuen «moteltzeko joerari» eusten diola.