Crónica
NAIZ Kontzertuak
ETS; aldaketa haizeak eta heldutasuna, NAIZ Kontzertuen lehen zikloa isteko

Bostgarren kapitulua. Lehenengo denboraldiaren amaiera. NAIZ Kontzertuak eta ostiral gaueko zita hau ohitura bihurtu da. Etxean, pantailaren distira aurpegietan, Euskal Herrian egindako IPA ezin hobea eskuan eta zuzeneko musika belarrietan. En Tol Sarmiento izan dira gaur gaueko protagonistak eta beraien betiko doinu positibo eta dantzagarria inoiz baino helduago ageri da.

Izkander FERNÁNDEZ|03/07/2020
Ets
ETSk dantzan jarri ditu bildutakoak, normaltasunerunzko argi izpi berri bat. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bost kontzertu eta gero, publikoak egoera ia normalizatu batean dantzatu ahal izan du, jaiaren algara berreskuratuz. “Zein erraza” eta “Aukera berriak” izan dira kontzertuari agur eman dioten kantak, konfetia eta guzti

NAIZ Kontzertuak ekimena egoera latz bati emandako erantzun hunkigarri bat izan da. Gure mundu honetan, pandemia, konfinamendua, birusa eta krisia hitz potolo eta tristeak bilakatu dira. Krisia. Gure musika taldeena eta euren inguruan lan gogorra egiten duten teknikari eta bulegoen kideena. Baina NAIZ Kontzertuak musikak emandakoa musikari bueltatzeko jaio zen. Mezu positiboa zabaltzeko. Itxaropen izpi distiratsu bat argitzeko.

Gatibu, Nøgen, Zetak eta Huntza izan ziren lehen lau atalen protagonistak eta lehenengo txanda hau isteko En Tol Sarmientoren jai doinu tronpeteroak heldu behar ziren. Eta heldu dira gau honetan Santana 27 aretoan. Hasteko, dena bere lekuan zela, agurra eta eskerrak emateko garaia. Iñigo Etxezarretak eta bere taldekideek kontzertuaren hasiera aukeratu dute azkenengo hiru hilabeteetan bizitako une gogorretan jasotako babesa eskertzeko. Jarraian bloke trinko batetan oinarrituz kontzertuari hasiera eman diete “Beste behin”, “Beldurrik ez” eta “Isiltasunaren Indarra” kantekin. Boluetara hurbildutako publikoa segurtasun tarteak zainduta hankak gelditu ezinean ibili da hasieratik.

“Herri urrats” eserkiak gogotsu eman dio bide kontzertuaren bigarren faseari. ETSkoek beti oreka mantentzen saiatzen dira. Melodia eta energiaren arteko oreka, haize eta rockaren instrumentu klasikoen arteko oreka, jaiaren eta mezuaren arteko oreka. Horrela heldu dira “Logela honetan” eta “Eutsi”. Azken kanta hau, era batera edo bestera, gaur etxean lo egingo duten Altsasuko lagunei eskeinia izan da. Jarraian, “Gelditu denbora”k gaua jai puntu egokira eraman du.

En Tol Sarmientoren emanaldia NAIZ Kontzertuetan ikusitakoen artean ortodoxoena izan da. Bai, argi joko potentea erakutsi dute gaurkoan baina agertokia eta publikoaren banaketa argiena izan duen kontzertua izan da. Ez da kritikagarria, beharrezkoa baizik. Normaltasun berrira sartzen garen heinean, normalak diren banaketak beharrezkoak ditugu. “Zure begirada”; publikoa aulkietatik altzatzeko momentua bizi izan dugu abesti honetan. “Zure mundua” eta “Via Campesina” entzun ditugu jarraian. “Zerura begira”, “Hacia la luna” eta “Sexuarekin” osatu dute kontzertuaren erdiko atal erraldoi hau eta bertan ETS eta jaiaren arteko lotura estua nabarmenduta geratu da. Gauak txinparta bat baino ez zuen behar eztanda egiteko.

Lehenengo benetako sorpresaren unea heldu da orduan. NAIZ Irratiko Bigarren Kafe saioan Iñigo Etxezarretak iragarri bezala, doinu akustikoak entzuteko aukera izan dugu gaurkoan. Eta doinu akustikoak entzun ditugu. Etxezarretak bere gitarrarekin batera bakarrik jo du “Heldu da garaia”, ETSek kaleratutako azken kantua. “Aurkitu genituen” ordea, talde guztiaren laguntzarekin egin du nahiz eta formatu intimoago bati eutsi. Egia esateko, kantak izugarri ondo funtzionatu du horrelako formatu batetan.

“Musikaren doinua”, “Itxura”, “Ametsetan” eta “Salidos de emergencia” goi-goian heldu dira. Bost kontzertu eta gero, publikoak egoera ia normalizatu batean dantzatu ahal izan du, jaiaren algara piztuz eta gure gazteriaren irribarrea erakutsiz. “Zein erraza” eta “Aukera berriak” izan dira kontzertuari agur eman dioten kantak. Konfetia eta guzti. Eta Santana 27 aretoan, jendea beste bat eskatzen ari zela, bukatu da NAIZ Kontzertuak ekimenaren lehenengo denboraldia. Hurrengo astean, Belako. Ez da gutxi, ez.


 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.