Altuna-Imaz bikoteak Labriten irabazi du Elezkano-Aretxabaletaren kontra (13-22)

Bikote urdina hobea izan da hasieratik amaiera arte eta 10-3eko markagailuarekin gauzak erraztu zaizkio. Gorriak, 5-0eko beste partzial batekin, gerturatu egin dira, baina garaileek beste martxa bat jarri eta irabazi dute.

NAIZ|04/07/2020
Altuna
Jokin Altuna, aurreko partida batean. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Hilabete batzuk itxita egon eta gero, Iruñeko Labrit pilotalekuak berriro ireki ditu bere ateak Masters Caixabank txapelketako partida hartzeko. Aurrez-aurre Elezkano II.a-Aretxabaleta eta Altuna III.a-Imaz aritu dira.

Urdinez jantzitako pilotariek erraz irabazi dute (13-22). Altuna III.a eta Imaz hasiera-hasieratik 3-10 jarri dira markagailuan. Hala ere, urdinak esnatu eta, gehienbat sake-erremateari esker, 5-0eko beste partzial batekin gertu-gertu ipini dira.

Hori izan da Elezkanok eta Aretxabaletak aurkariei gauzak zaila ipini dizketen momentu bakarra, hortik aurrera partida urdinena izan baita eta garaipen lasaia lortu ahal izan dute.

Norgehiagoka amaitzerakoan, Jokin Altuna «oso gustura» azaldu da Euskadi Irratian. «Txispaz ondo ikusi naiz. Sentsazio berria izan da, aspaldi konpetitu gabe baikeneraman. Entrenamenduekin bakarrik ez, partidekin hartzen da erritmoa», adierazi du gipuzkoarrak.

Ander Imazekin zer moduz sentitzen den jokatzen galdetuta, «gustura» ibiltzen dela erantzun du. «15 urterekin jokatzen dugu elkarrekin eta ilusio handiarekin gaude txapelketa honetan», amaitu du.

Bestalde, Danel Elezkano triste eta deseroso agertu da. «Momentua eduki dugu gerturatu garena, baina gehiago izan dira hasieratik amaiera arte. Emaitza erraz batekin irabazi dute. Oso nagusi izan dira. Momentuka asmatu dugu, baina ez gara hain gustura gelditu eta ea hurrengoan hobeto egin dezakegun», azpimarratu du bizkaitarrak.

Bere bikotekidearekin, ordea, «oso gustura» dagoela onartu du. «Lagunak gara txikitatik, harreman oso ona dugu frontoitik kanpo. Pena ez dugulako partidarik irabazi oraindik», gaineratu du.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Liher taldeak Donostiako Doka Kafe Antzokian emandako kontzertuaren unerik onenak.