NAIZ

Euskal Encounter topaketa sarean egingo da, uztailaren 24tik 26ra

Euskal Encounter topaketaren 28. edizioa sarean egingo da, uztailaren 24tik 26ra bitartean, eta 5.088 plaza birtual eskainiko ditu, iaz bezainbeste.

Euskal Encounter topaketaren aurreko edizio bat. (Monika DEL VALLE / FOKU)
Euskal Encounter topaketaren aurreko edizio bat. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Euskal Encounter topaketaren antolatzaileek adierazi dutenez, covid-19ak eragindako egoeraren ondorioz, aurten ezinezkoa izan da aurrez aurreko bilkura antolatzea. Hori dela eta, 5.088 parte-hartzailerentzako doako ekitaldi birtuala sortzea erabaki du Euskaltel Fundazioak. Astearte honetan irekiko da aurretiko izen-ematea, uztailaren 7an, www.euskalencounter.org webgunean, eta ostegunean egingo dira erreserbak, hilaren 9an. Topaketa uztailaren 24tik 26ra izango da, ohar batean azaldu dutenez.

Euskaltel Fundazioak antolatutako bilkurak «nostalgiaz beteriko keinua» egingo du, antolatzaileak Urretxuko Ederrena pilotalekuan bilduko baitira topaketaren arlo guztiak koordinatzeko. Bertan egin zen lehen Euskal Encounter topaketa, 1994an, eta 36 parte-hartzaile bildu zituen 25 ordenagailuren inguruan, Internetik gabe, noski.

Sareko topaketak egitarau zabala izango du hiru egunetarako, hala nola prestakuntza eta jolas jarduerak, arte digital, eta programazio eta bideo-joko arloetako lehiaketak. Era berean, Opengunea, teknologia berriekin lotutako enpresak biltzen dituen espazio irekia, eremu birtual bihurtuko da, eta doako jarduera ludikoak eta hitzaldiak eskainiko ditu, interesa duten guztientzat. Topaketan antolatutako ekintza asko Euskal Encounterrek Twitch plataforman duen streaming kanalaren bitartez jarraitu ahal izango dira, zuzenean.