Dabid Lazkanoiturburu

Txinak Hong Kongen izango duen «Anaia Handia» zabaldu du

Hong Kongeko oposizioa suntsitzeko lege zorrotza onartu eta astebetera ireki du Pekingo Gobernuak gaur Segurtasun Nazionala defendatzeko bulegoa aintzinako kolonian. Lehen aldiz Txinako inteligentzia zerbitzuak ezkutatu behar gabe arituko dira Hong Kongen.

Txinako ikurra Hong Kongeko Segurtasun Nazionalaren Bulegoan. (Anthony WALLACE/AFP)
Txinako ikurra Hong Kongeko Segurtasun Nazionalaren Bulegoan. (Anthony WALLACE/AFP)

Txinako Gobernuak «Segurtasun Nazionala Bermatzeko Bulegoa» zabaldu du gaur Hong Kongen, oposizioaren matxinadarekin amaitzeko asmoz Pekinek bultzatu zuen lege zapaltzailea onartu eta zortzi egunetara.

Bulegoak Hong Kongeko Exekutiboari «gidatu eta lagunduko dio» segurtasunaren arloan, eta bide batez «estrategiari eta segurtasun politikari buruzko proposamenak helaraziko dizkio», ziurtatu du Xinhua agentziak.

Gainera, «segurtasun nazionalari buruzko informazioa bildu eta aztertuko du eta segurtasun nazionala arriskuan jar dezaketen delituetaz arduratuko da».

Hots handiz egin den «kuartel nagusiaren» inaugurazioak argi uzten du Pekinek kontrolpean nahi duela Hong Kongeko finantza hiria.

Aukeratutako lekua ere ez da kasualitatea, Victoria parkearen azpian duen hotela. Parke hau mendebaldeko demokrazia eredua Hong Kongen ezartzea defendatzen duten manifestarien bilkura-gune da azken urteetan.

Bertan biltzen dira urtero ekainean Tiannanmengo sarraskia gogoratu eta salatzeko.

Bulegoak Txinako inteligentzia zerbitzuak hartuko ditu eta ustez Segurtasun Nazionalaren aurka egin dutenak ikertu eta atxilotuko ditu Hong Kongen.

Txinako ikurra eta enblema ikusgai daude hotelaren fatxadan eta inaugurazioan bertan izan dira Hong Kongeko Exekutiboaren agintariak.

«Une historikoa»

«Gaurkoa une historikoa da», aldarrikatu du Carrie Lam Pekinek izendatu zuen gobernuburuak, Txinako inteligentzia aparatua «ezinbesteko kidea» izango dela gaineratuz.

Bulegoak Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) eta kanpoko informazio agentziak izango ditu jomugan, «gestioa indartzeko», bere hitzetan. Hori bai, bere barne funtzionamenduaren berri ez dio inori emango eta bere erabakiak epaitegien kontroletik at egongo dira. Hong Kongeko Administrazioaren departamendu guztiak Bulegoaren esanetara egongo dira.

Bulegoa zabaltzea posible egin duen Segurtasun Nazionalaren legea Hong Kongek 1997tik ezagutu duen aldaketarik nabarmenena da, Britainia Handiak kolonia Txinari baldintza batzuekin (Herrialde Bat, Bi sistema lelopean laburbiltzen direnak) itzuli zionetik.

1984an Londresek eta Pekinek adostu zuten hitzarmenak, 1997tik aurrera eta 50 urtez, Txina kontinentalean pentsaezinak diren askatasunak eta autonomia bermatzen zizkion Hong Kongi.  

Aintzinako koloniari begira onartu den Segurtasun Nazionalaren legearen antzerakoek agintzen dute Txina osoan. Lege hauek Gobernuaren kontrako jarrerak suntsitzea ahalbideratzen dute. Lurralde baten independentzia edota autonomia aldarrikatzea delitutzat jotzen da.

Orainarte, Hong Kongeko Poliziak eta epaileek konpetentzia guztiak zeuzkaten lurralde erdi-autonomoan.

Bulego txinatarraren zeregina ez du argitzen ezkutuan Pekinek onartu zuen legeak. Hala ere, Zheng Yanxiong arduradun nagusi izendatu izana mezu ozena da. Zheng-ek gidatu zuen 2011an, hain zuzen ere, Hong Kongen ondoan dagoen Guangdong probintziako herri batean matxinadaren aurkako errepresioa.

Arduradun nagusiak bere aginduetara egongo diren agenteek ez dituztela hiritarren eskubideak bortxatuko ziurtatu du, eta «jendearen ongizatearen alde» egingo dutela gaineratu du.

Hori bai, «legearen barruan baina irmo gure indarra erabiliko dugu segurtasun nazionala bermatzeko», ohartarazi du. Horretarako, Bulegoa egun Txinako Armadak Hong Kongen duen guarnizioarekin elkarlanean arituko da.

Aste honetan bertan Hong Kongeko Poliziari botere handiagoak eskaini zaizkie lege berriaren itzalpean. Horrela, epailearen baimenik gabe ikerketak egin eta interneten berriak erretiratu ahal izango ditu segurtasun legearen aurka daudela ondorioztatzeko «arrazoizko arrazoiak» baldin badaude.