ANDRES OSA «SAKONA»

Aizkolariak eta harrijasotzaileak, larunbat eguerdian Lezan

Arabako herrian jokatuko da hirugarren jardunaldia. Aizkoran Eneko Otaño eta Jesus Mari Mugika neurtuko dira, gizonezkoen harrijasotze lehian Imanol Albizu "Goikoetxe" eta Inhar Urruzuno, eta emakumezkoenean Virginia Finol jardungo da bakarka ahalik eta marka onena lortu nahian.

Eneko Otaño, aizkora astintzen (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Eneko Otaño, aizkora astintzen (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Larunbat eguerdian Arabako Leza herrian aizkora eta harrijasotze txapelketak ikusi ahal izango dira. Hirugarren jardunaldia izango da eta "Eusko Label Saria" jokatuko duten aizkolariak bi gipuzkoar izango dira, Beizamako Eneko Otaño eta Ibarrako Jesus Mari Mugika.

Irabazleak finalerdietan Mikel Larrañaga izango du zain, eta ikusi egin behar bietako nork eskuratzen duen txartela azpeitiarraren aurka indarrak neurtzeko. Joko aski ona eskainiko duten esperantza dugu eta ea orain arte Jon Rekondok jarritako marka (23 minutu eta 16 segundokoa) hobetzen duten.

Harrijasotzen, gizonezkoen lehian, Imanol Albizu “Goikoetxe” Elgetako harakina eta Ondarroako Inhar Urruzuno neurtuko dira. Indarrak probatzeko 125 kiloko harri zilindro zaharra, kubika eta borobila erabiliko dituzte, bakoitzarekin bi minutuko txanda. Orain arteko lanak orotara 45 jasoaldi inguruan dabiltza.

Azkenik, emakumeen “Kirolbet Saria” ere ez da faltako. Hirugarren jardunaldian plazaratuko den kirolaria Iruñako Virginia Finol izango da. 63 kiloko zilindro zaharra, kubika eta bola erabiliko ditu. Lan bikainak egin izan ditu emakume honek eta oraingoan ere aurreko jardunaldian Karmele Gisasola mailabiarrak egin zituen 48 jasoaldiak gainditzen saiatuko da.