NAIZ

Gure Zirkuak denera 23 emanaldi eskainiko ditu Orion

Aurrez iragarritako zortzi emanaldiek izan duten erantzun bikaina ikusita, Gure Zirkuak beste hamabost saio iragarri ditu. Guztira 23 saio eskainiko ditu euskal zirku ibiltariak Orion, egoera berriari aurre egiteko Portugaldik espresuki ekarritako karpa berrian.

Euskal artisten zirku ibiltariak hilabete egingo du Orion. (NAIZ)
Euskal artisten zirku ibiltariak hilabete egingo du Orion. (NAIZ)

Datorren astean, zehazki uztailaren 17an, ekingo dio Gure Zirkuak 2020ko birari Portugaldik ekarritako karpan, Covid-19aren eraginez ezarri diren distantzia eta garbitasun neurri guztiak bermatzeko.

Sarreren salmenta abiatu eta lehen 48 orduetan 2.000tik gora sarrera saldu dira. Lehen zortzi emanaldietarako sarrerek izan duten estimua ikusita, beste hamabost saio egitea erabaki du taldeak. Beraz, uztailaren 17tik abuztuaren 16ra bitarte eta hilabeteko tartean, taldeak 23 emanaldi eskainiko ditu.

Asteko bost saio eskainiko dira, asteazkenetik igandera bitarte, arratsaldeko 19.00etan, Orioko Mendibeltz futbol-zelaiaren ondoko berdegunean. Emanaldietarako sarrerak eskuragarri daude jada, www.gurezirkua.eus webgune berrian eta zirkuko txarteldegian.

Hirugarren bira
Lehen bi biretan 65.000 ikusle baino gehiago erakarri ondoren, Gure Zirkua prest da hirugarren urteari ekiteko; inork gutxik esperoko zukeen testuinguruan, baina zailtasunei aurre egin eta beste behin ere zirkuaren magia zabaltzeko gogo betez.

Covid-19 birusaren eraginez erabat moldatu behar izan ditu aurtengo aurreikusitako ibilbide eta helburuak, eta egoera berrira egokitzeko hainbat neurri eta erabaki hartu ditu. Esaterako, karpa handiagoa izango da. Osasun agintariek ezarri duten gutxieneko segurtasun-distantzia betetzeko helburuz, beste karpa bat ekarri behar izan dute Portugaldik; aurreko biretan erabilitakoaren halako bi dena, banakako eserlekuak izango dituena, eta bizikidetza-unitateen artean gutxieneko 1,5 metroko gutxieneko distantzia fisikoa errespetatzea ahalbidetuko duena.

Zirku ibiltaria izateaz gain, zirkuko euskal artistentzako topagunea izateko helburuarekin jaio zen proiektu hau. Hainbat diziplinatako euskal artistek lan egiten dute bertan.