naiz

Iriarte: «Inork ez dezala interes elektoralak osasun interesen aurretik jartzeko tentaziorik izan»

Ordiziako egoeraren inguruko desinformazioa salatu du EH Bilduren lehendakarigaiak. «Egia osoa esaten duen gobernu bat merezi dugu», aldarrikatu du Gasteizen eginiko ekitaldian.

Iriarte, Ordiziako alkate Adur Ezenarrorekin, egun batzuk lehenago. (@MaddalenIriarte)
Iriarte, Ordiziako alkate Adur Ezenarrorekin, egun batzuk lehenago. (@MaddalenIriarte)

Kanpaina amaitzeko egun bat baino falta ez denean «Ordiziatik iristen zaizkigun albiste kezkagarriak» gogoan hartu ditu Maddalen Iriartek ostegun arratsaldean Arnaldo Otegi eta Mikel Oterorekin batera Gasteizen egindako ekitaldian. EH Bilduren lehendakarigaiak herritarrei segurtasun neurri guztiak hartuta botoa ematera joateko esan eta ohartarazpen bat egin du: «Inork ez dezala interes elektoralak osasun interesen aurretik jartzeko tentaziorik izan».

Aditzera eman duenez, asteartean, ETB2ko eztabaida saioan, «Urkulluk 19 kasu iragarri zituen, baina 35 ziren; atzo Osasun sailburuak ez zituen datuak eman prentsak galdetu arte. 48 ziren, eta gaur 58 dira eta Ordizian gehiago ote diren beldur dira».

 

Ordizian eta Goierrin gertatzen ari dena «Mendiaren eta Urkulluren Gobernua behingoz elkarlanean hasteko beste arraz bat» dela esan du, eta eskatu du «inork ez dezala osasun publikoarekin jolastu».

Salatu du, gainera, gai honekiko herritarrak pairatzen ari diren «desinformazioa». «Ordiziako gure alkateak informazio guztia eskatu du; zifra dantza ikaragarria ikusten ari gara azken egunetan eta horrek herritarren nahasmena eta beldurra elikatzea besterik ez du egiten. Desinformazioak kezkatzen gaitu, beste batzuetan ikusi dugun zerbait delako. Zaldibarkoa bezalako eskandalu batetik gatoz eta han Mendiaren eta Urkulluren Gobernuak informazioa ezkutatu zien herritarrei, zabortegiaren inguruan hodei toxiko bat zegoenean», esan du, eta hortaz, herritarrei «egia» esango dien gobernu baten alde egin du. «EH Bildutik esan nahi dugu ez dela morala interes ekonomiko eta alderdikoiak pertsonen osasunaren aurretik jartzea», adierazi du Maddalen Iriartek.

Promesak eta bermeak

Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak azpimarratu du EH Bildu dela «bete ezin dituen promesak egiten ez dituen alderdi bakarra». Azaldu duenez, «gu gara ahotsik gabekoen ahotsa izateko konpromisoa hartzen dugun bakarrak, Gobernu honek mespretxatutakoen ahotsa izango gara, pentsiodunena, hezkuntza-komunitatearena, sektore publiko eta pribatuko langileena, gure presoen senideena... Itxaropena gara herri honentzat eta ordena jartzera gatoz bete gabeko promesen, gezurren eta ageriko ezintasunen kaos honetan, gure herriaren eta bertako langileen aurka egunero egiten dituzten bidegabekerien eta gehiegikerien kaos honetan».

Arabako zerrendaburu Mikel Oterok, berriz, politika egiteko bi modu daudela azaldu du: batetik, «politika aberasteko modu bat» dela uste dutenena; bestetik, EH Bildurena, «jendeari bermeak eskaintzeko» dagoena. «Hitza izan behar da eta EH Bilduren botoa bermea da faxismoaren aurrean, aurrerabidearen bermea, murrizketen aurkakoa, berme subiranista».