Haritz Larrañaga
Entrevista
Aimar LOPEZ ERASUN
Aitzina

«Oso garrantzitsua da Euskal Herri osoko militantziak elkar ezagutzea»

Aimar Lopez Erasun Aitzina gazte antolakundeko kidea da eta Ernairekin batera uztailaren 14ean antolatu duten mendi martxa antolatzen dabil buru-belarri. Hendaiako gazteak independentzia aldarrikatzeko antolatu duten ekimenaren nondik norakoak azaldu dizkio NAIZi.

Aimar Lopez Erasun, Aitzinako kidea. Guillaume FAUVEAU
Aimar Lopez Erasun, Aitzinako kidea. Guillaume FAUVEAU

Uztailaren 14ean Estatu frantsesean ospatzen den «Frantziar Errepublikaren jaiegun inposatua» salatu eta Independentzia aldarrikatuko dute Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek. Urruña eta Beratik abiatuko diren bi zutabe Larhun mendiaren tontorrean batuko dira.

Leioan Ikus-entzunezko ikasketak egiten dituen 18 urteko hendaiarra da Aimar Lopez Erasun eta ekimena ahalik eta ondoen ateratzeko lanean ari den gazteetako bat da. 

Aitzinak urtero antolatzen ditu ekimenak uztailaren 14ean, baina zergatik erabaki duzue aurten Ernairekin ekimen bateratua egitea?

Ipar Euskal Herriko gazte antolakundeek uztailaren 14ean mobilizazioak antolatzeko tradizioa aspalditik dator. Aitzinak azken urteetan inposatutako jai egun hori baliatu izan du bere aldarriak kaleratzeko, baina aurrez izan ziren gazte antolakunde abertzaleek ere ekimen desberdinak antolazen zituzten, hala nola, Segik, Haikak edo Gazteriakek kasu.

Konfinamendu garaian aurten zer egin hausnartzen ari ginen eta mugak itxiak zirela ikusita otu zitzaigun ohiko ekimenetatik harago joatea eta inposaturiko egun bat den heinean Euskal Herri osoko proiekzioa izango lukeen zerbait egitea. Euskal Herria eraikitzeko perspektiban zerbait antolatu nahi genuen eta Ernaiekin harreman iraunkorra dugunez, elkarrekin ekimen hau egiteko ideia sortu zen. Horrela, Nafarroako eta Gipuzkoako Ernaiko kideei luzatu genien proposamena, eta interesgarria izan zitekeela ikusi zuten.

Ekimen honen zein bereizgarri nabarmenduko zenituzke?

Batetik, bi antolakundeetako militantziak eta eskualde desberdinetako lagunek elkar ezagutzeko balio du. Oso garrantzitsua da Euskal Herri osoko militantziak elkar ezagutzea. Urtean zehar badira elkarrekin antolatzen ditugun ekimenak, adibidez, azken urteetan udaberrian antolatzen ditugun gazte martxa, gazte topagunea edo gazte akelarrea kasu, baina aurten osasun krisiaren ondorioz bertan behera utzi behar izan genuen guztia eta modu birtualean jardun ginen elkarrekin ekimen bateratuak antolatzen.

Bestalde guzti horri dimentsio nazional bat emateaz gain, dimentsio pertsonala ere eman nahi genion, zeren mugaren inguruko eskualdeetako militanteok elkar ezagutzea beharrezkoa dela uste dugu. Horregatik, Bortziriko eta Oarsealdeako Ernaiko militanteek gustura hartu zuten proposamena eta Bidasoaldeako Aitzinako militanteekin batera ekimena antolatzeari ekin genion.

Antolakunde bakoitzak bere errealitatea du, baina oinarri ideologikoak oso antzekoak ditugu eta horrek elkar lana errazten du. Azken urteetan, eta batez ere, azken hilabeteetan, are eta gehiago urbiltzen joan gara, eta elkar lanerako joera eta anbizio oso argia dago bi gazte antolakundeen aldetik. Gainera, geroz eta gauza gehiago batera egiteko asmo argia dugu.

Nola gauzatuko da mendi martxa?

Lehenik eta behin kontuan hartu behar dugu osasun krisi egoera batean gaudela. Gure asmoa ez da inoren osasuna arriskuan jartzea, beraz segurtasun neurriak bete beharko dira. Mendi igoera bat izanik, ezin da ahaztu ekimena baldintza dezaketen aldagaiak badirela, eguraldia kasu. Hortaz guk eguraldi ona izatea espero dugu, baina hori ez dago gure esku.

Bi zutabe abiatuko dira goizeko hamarretan, bata Olhetako Tarbenia ostatutik eta bestea Berako Alzate plazatik. Arratsaldeko ordubatak aldera goian izango gara eta han ekitaldi bat eginen dugu. Ondoren bakoitzak etxetik eramandako bazkaria janen dugu. Momentu gozo bat pasatuko dugu eta elkar ezagutzeko balioko du.

Gazte antolakunde garen heinean deialdi nagusia gazteei zuzendua da, baina deialdia zabala da, gure diskurtsoaren eta independentziaren aldarriarekin bat egiten duen oro ongi etorria da. Gazteak animatu nahi ditugu, aspaldi ikusi ez ditugun lagunak ikusi eta berriak egiteko aukera ederra izango da.

Urteroko ekimena antolatzeko orduan testuingurua ere kontuan hartzen duzue?

Bai. Iazkoa izan zen salbuespena, baina hain zuzen ere testuinguruak bultzatuta, zeren G7 Ez! plataforman ginen, eta baita G7aren kontrako gazte dinamikan, beraz iazkoan dinamika horretan buru belarri ari ginela pasatu zen uztailaren 14a, baina bestela, urtero antolatzen ditugun mobilizazioetan unean uneko gaiek eta borrokek isla izaten dute.

Osasun krisiak sortutako testuingurua ere kontuan hartu duzue?

Bai oso adierazgarria izan da. Estatu frantsesak eta espainiarrak ezartzen duten zapalkuntzaz maila orokorrean hitz egiten da, baina azken aldian gauza zehatzetan ikusi ditugu zapalkuntza horren ezaugarriak.  Adibidez, zapalkuntza hori nabaritzen da koronabirusaren krisiarekin egin duten gestio txarrean, izan maskaren kontua eta horren ondorioz sortu den eskandaloa dela, izan itxialdian zehar Frantziako hiri nagusietako auzo baztertuetan izan den errepresioan, edo izan deskonfinamenduko fasean osasun arloko langileak sufritzen ari diren murrizketetan. Azken finean, estatuen zapalkuntza egikaritzen da edo egokitzen da testuinguru bakoitzean, eta zapalkuntza hori anizkoitza da, horregatik aurten garrantzitsua iruditu zaigu uztailaren 14a erabiltzea gogoratzeko hemen bi estatu daudela haien konstituzio sakrosantuekin, eta edozein unetan Euskal Herria eta euskal herritarrak zapaltzeko ahalmenarekin.

Muga ondoan bizi den herritarra izanda, nola bizi izan duzu itxialdia?

Badugu joera ahanzteko muga batek erdibitzen duela gure herria. Egunerokoan batera eta bestera ibiltzen gara hori kontuan hartu gabe, baina konfinamendu garaian ohikoa dena ezinezko bilakatu da. Garrantzitsua da azpimarratzea muga ez dagoela Hendaia eta Irun artean bakarrik. Badago Bera eta Sara artean, Sara eta Etxalar artean, Arnegi eta Luzaide artean, Otsagabia eta Larraine artean eta beste hamaika lekutan, eta guztiak itxita egon dira konfinamendu garaian. Burdinezko hesiekin, militarrekin, eta armekin. Hendaiako bi pasoetako bat erdi irekia egon da, baina soilik egiaztagiri batekin pasa ahal zen.

Orduan, nola bizi izan dudan? Ur hotzez betetako balde bat buru gainetik bota balidate bezala. Berriz ere oroitu arazi digute: «Hemen gaude, hemen guk agintzen dugu, eta herri hau nahi dugun moduan zatitu dezakegu. Gure Estatu, gure konstituzio eta gure polizia sakrosantuak ditugu, eta zuek ez duzue hitzik».

Hori argi ikusi da. Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Euskal Elkargoak, zein herriko etxeek eskatu izan diete bi Estatuetako ordezkariei deseskalatze fasean mugak ireki zitzaten, baina ezezko irmoa topatu dute. Funtsean nazio zapalkuntzaren adierazpide oso argia izan da. Horregatik  da garrantzitsua Larhunera igotzea, zeren gailurrean muga bat dago, erdi-erdian, frantses Estatuaren eta espainiar Estatuaren muga  justu erditik pasatzen da. Gu muga horretan egongo gara Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzen, eta gure herrian nahi dugun bezala eta aske ibiltzeko dugun eskubidea gauzatzen.