Naiz

Irailean jokatuko da Udabarria Bertsotan, Bizkaiko Txapelketarako sailkapen fasea

Maiatzean jokatzekoa zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea irailean izango da; 60 bertsolarik parte hartuko dute. Hamar saiotan banatuko dira parte hartzaileak, egun berean eta ordu berean bina antolatuz.

Onintza Enbeita, 2018ko Bizkaiko bertsolari txapelduna. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Onintza Enbeita, 2018ko Bizkaiko bertsolari txapelduna. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Udazkenaren atarian jokatuko da Udabarria Bertsotan 2020. Maiatzean egin behar zen, baina egoera berezia da aurtengoa eta irailean jokatuko da azkenean.

Udabarria Bertsotan sailkapen fasean 60 bertsolarik eman dute izena. Aipatzekoa da Bizkaiko eskualde guztiek daukatela ordezkaritza. Kopuru hori kontuan hartuta, hamar saio egongo dira fase honetan, sei bertsolarikoak. Fase honetatik puntuazioz sailkatuko dira bertsolariak Bizkaiko Bertsolari Txapelketara.

Aldaketak egongo dira aurten egituran. Sailkapen faseko hamar saioak bost egunetan jokatuko dira: egun eta ordu berean, herri desberdinetan saio bi egingo dira. Horrela, bost egunetan egingo dira hamar saioak.

Hala, hauek izango dira egingo dituzten hamar saioak: irailaren 16an Orozkoko Donibane Aretoan eta Lekeitioko Azkue Aretoan; irailaren 17an Getxoko Muxikebarri zentroan eta Busturiako Kultur Etxean; irailaren 18an Markina-Xemeineko Esperantza aretoan eta Berangoko Antzokian; irailaren 23an Muxikako Ariatzako eskolan eta Berrizeko Kultur Etxean; eta irailaren 24an Zallako La Capilla aretoan eta Derioko Gurea aretoan. Saio guztiak 18.30etan izango dira.

Udabarria Bertsotan sailkapen faseko sarrerak txarteldegian erosi ahal izango dira egunean bertan, saioa hasi baino ordu erdi lehenago. Txartelek 3 euro balioko dute, (2 euro Bertsozale elkarteko bazkideentzat), eta 16 urtetik beherakoak doan sartu ahalko dira.

Saio bakoitzean zein bertsolari talde arituko den jakiteko, informazio osagarria aurkitu daiteke txapelketaren webgunean.

Bestalde, Bertsozale elkarteak iragarri du Bizkaiko Bertsolari Txapelketa urrian hasiko dela eta 36 lagunek hartuko dutela parte kanporaketa sei saioetan.