‘Kalera!’ irtengo da Getxophoto irailaren 3tik 27ra bitartean

‘Kalera!’ da aurtengo ediziorako aukeratu duten leloa. Irailaren 3tik 27ra bitartean ospatuko dute 2020ko argazki jaialdia. Erakusketa gehienak kalean ikusi ahalko dira, Ereagako hondartzatik Portu Zaharrera doan bidean, baita Algortako erdialdean ere.

naiz|14/07/2020
Getxophoto
Getxophotoko aurkezpena, gaur goizean. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Getxophoto Nazioarteko Irudi Jaialdiak bere hamalaugarren edizioa aurkeztu du astearte honetan. Aurtengo edizioa irailaren 3tik 27ra egingo da Getxon eta herriko kaleak hartuko dituzten nazioarteko hogei artista entzutetsuk hartuko dute parte.



Begihandi taldeak bultzatuta, Getxophoto pentsaera kritikoa pizteko eta gizartearekin elkarrizketa bat abiatzeko plataforma bezala sortu zen. 

The Photographers' Galleryko (Londres) komisario digitala den Jon Uriarte hondarribiarra, Getxophotoren zuzendari artistiko berria izango da. ‘Kalera!’ lemapean, jaialdiak espazio publikoa (fisikoa zein onlinekoa) aztertzea proposatzen du, protestarako agertoki eguneratu gisa, ikusezin bihurtutako pertsonentzako harrera-leku gisa eta esperimentaziorako, jolaserako eta ospakizunerako eremu gisa.



Jaialdia bere ediziorik kalekoena (erakusketa gehienak kalean izango baitira, Ereagako hondartzatik Portu Zaharrera doan ardatzean, baita Algortako erdialdean ere) eta aldi berean, digitalena (sarerako programa berezi batekin: Instagram, podcastak, app-ak…) aurkeztu du.

Ohi bezala, programazioa bi arlo handitan egituratu dute: erakusketak eta jarduerak. Landuko diren gaien artean larrialdi klimatikoa, arrazakeria edo patriarkatua daude. Artista gonbidatuak honakoak izango dira: Charlotte Schmitz, Felipe Beltran Romero, Thaddé Comar, Sohei Nishino, Fragment koletiboa, Nichael Wolf eta Mentalgassi taldea.

Interneten, berriz, Aran Callejak eta Borja Crespok sinatutako playlist bat entzun ahalko dugu, jaialdiaren soinu banda bilakatuko dena. Era berean, podcastak ere entzun ahal izango dira. Bestalde, Instagrameko iragazkien fenomenoa aztertuko duen lan ildo bat ere aurkeztuko dute.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Liher taldeak Donostiako Doka Kafe Antzokian emandako kontzertuaren unerik onenak.