naiz

EBko Auzitegi Orokorrak ebatzi du Apple enpresak ez dizkiola 13.000 milioi euro itzuli behar Irlandari

Asteazken honetan, Europar Batasuneko Auzitegi Orokorrak bertan behera utzi du Europako Batzordeak hartutako erabakia. Erabakiak zioen Apple enpresak 13.000 milioi euro –gehi Irlandan dituen interesak– itzuli behar zizkiola Irlandari, legez kanpoko zerga-laguntzak jaso dituelako.

Apple multinazionalak ez dio 13.000 milioi euro ordainduko Irlandari. (Gabrielle LURIE/AFP)
Apple multinazionalak ez dio 13.000 milioi euro ordainduko Irlandari. (Gabrielle LURIE/AFP)

2016an, Bruselak ondorioztatu zuen Irlandak legez kanpoko zerga-onurak eman zizkiola Apple enpresa teknologikoari 13.000 milioi euroren truke, eta horrek «Appleri beste konpainia batzuei baino zerga askoz gutxiago ordaintzeko aukera eman zion», Europar Batasunaren jakinarazpen baten arabera.

Europar Batasunaren arabera, Batzordeak ezin izan du frogatu «abantaila ekonomiko selektibo bat egon denik».

Dublinek nahiz multinazional teknologikoak duela ia lau urteko erabaki hori errekurritu zuten Luxenburgoko auzitegian, beraz, bi aldeak epaiaren alde agertu dira. Nolanahi ere, bi hilabete eta hamar eguneko epea dute aldeek kasazio-errekurtsoa aurkezteko Europar Batasuneko Justizia Auzitegian.

Irlandako Gobernuko Finantza sailak, Eurotaldeko lehendakari berria den Paschal Donohoe buru duenak, Europar Batasuneko Auzitegi Nagusiaren epaia ontzan eman du, eta gogorarazi bere garaian errekurtsoa jarri ziola Europar Batzordearen epaiari, Irlandak ez ziolako «Estatuko laguntzarik eman» Apple-i «eta Epaimahaiaren gaurko erabakiak iritzi hori babesten du».

«Irlandak beti izan du argi Appleko enpresei ez zitzaiela tratamendu berezirik eman eta zerga kopuru zuzena kobratu zela Irlandako zerga-arauen arabera», gehitu du Finantza sailak.