NAIZ
GASTEIZ

Euskararen normalizazioaren arloan murrizketak egitea leporatu dio EH Bilduk Lakuari

EH Bilduk salatu duenez, «Irale programa sendotu beharrean, Hezkuntza Sailak bertako irakasleen herena baino gehiago zerbitzutik kanpo utziko du». «Hauteskunde kanpaina osoan zehar Urkulluk murrizketak behin eta berriz ukatu arren, Hezkuntza Sailak giza baliabideak murriztu ditu dagoeneko non eta euskararen normalizazioaren arloan», gaineratu du.

Bingen Zupiria eta Iñigo Urkullu Legebiltzarrean. (Juanan RUIZ/FOKU)
Bingen Zupiria eta Iñigo Urkullu Legebiltzarrean. (Juanan RUIZ/FOKU)

EH Bilduk euskararen normalizazioaren arloan murrizketak egitea leporatu dio Gasteizko Gobernuari. Adierazi duenez, Hezkuntza Sailak Irakasleak Alfabetatu eta Euskalduntzeko Programa (Irale) «sendotu beharrean, Hezkuntza Sailak bertako irakasleen herena baino gehiago zerbitzutik kanpo utziko du».

«Hauteskunde kanpaina osoan zehar Urkulluk murrizketak behin eta berriz ukatu arren, Hezkuntza Sailak giza baliabideak murriztu ditu dagoeneko non eta euskararen normalizazioaren arloan. Izan ere, Irale programan dauden 84 langileen herena baino gehiago zerbitzutik kanpo utzi eta ordezkapen zerrendetara bidaliko ditu» , nabarmendu du koalizioak ohar batean.

EH Bilduren iritziz, «datorren ikasturtean irakasle askok erretreta hartu behar dutela kontuan hartzen badugu, murrizketak latzak dira, Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzua eta, oro har, euskararen normalizazioa hezkuntza eremuan euskarririk gabe uzten dituelako».

Subiranistek salatu dutenez, «larria da», murrizketak egitea «egoera ezegonkorrean dauden irakasleen aurka eta egoera oso zaurgarrian dagoen euskararen aurka». «Hipokritatzat» jo dute gainera «murrizketen kontrako Urkullu eta EAJren diskurtsoa», eta «konpromiso irmoa» berretsi dute euskararen normalizazioaren alde.

Horren haritik, Euskara Zerbitzua sendotu eta Irale bezalako proiektuak zabaldu behar direla azpimarratu du EH Bilduk.

Irale programari dagokionez, unibertsitateaz besteko ikastetxe publiko eta pribatuetako irakasleen hizkuntza-gaitasunaren  prestaera da programa honen eginbehar nagusia. Hots, irakasleen hizkuntza-gaitasuna sendotzea.Hezkuntza Sailak dioenez, «horrekin batera, irakasleak hizkuntzaren didaktikan eta metodologietan gaitzea eta prestakuntza sozio-kulturala ematea, curriculumaren euskal dimentsioa lantzeko».